IRRATIA

Mikel Ayestaran (Gipuzkoako Ostalarien Elkartea): «Gure jarduna egoera honekin bateragarria da»

Auzitegiaren erabakiarekin «pozik» mintzatu da Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko kudeaketa arduradun Mikel Ayestaran. Halaber, sektorearen «egoera dramatikoak» erreskatea behar du Ayestaranen esanetan.

EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian egonagatik ere ostalaritza zabaltzeko erabakia hartu du kautelaz

Este navegador no soporta el elemento audio.


EAEko Auzitegi Nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ostalarien Elkarteek eremu gorrian dauden ostatuen itxieraren kontra aurkeztutako helegitea onartu egin du behin behinekoz; eta, beraz, zabaltzeko aukera izango dute.

Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko kudeaketa arduradunak, Mikel Ayestaranek, esan digunez erabakia «positiboa» da: «garbi dugu gu ez garela egoeraren errudunak, datuek erakusten duten bezala».

Ostatuak zabaltzearekin arazoa ez dela konpontzen Ayestaranen esanetan, «osasun egoera oso kezkagarria da eta sektoreak orain arte bezala arduraz jardungo du. Herritarrei erantzukizunek jokatzeko eskatzen diegu».

Uste du osasun egoera larriaren eta ekonomiaren artean «oreka» egon behar dela eta egin duten esfortzuarekin biak erakutsi dute «biak bateragarriak» direla.

Datuak aipatuta sektorearen egoera dramatikoa islatu du Ayestaranek: 2019arekin konparatuta erdia egin dute lan eta zazpi  mila lanpostu suntsitu dira. Halaber, Aldi Baterako Lan Erregulazioan daudenak lanik gabe gera daitezke «erreskate publikoa» ez bada ailegatzen. «Urtea pasa da eta orain ari dira batzuk diru laguntzak jasotzen. Aurrezkiak bukatzen ari dira eta maileguak amaitzen».

Ostiralean LABIk hartzen duen erabakiaren zain, sektoreak egindako esfortzua nabarmendu du eta norbanakoen erantzukizuna interpelatu du.