«'Balearen Begia' ikusi, entzun eta sentitzeko egina dago»
Amaia San Sebastian eta Cesare Maglioni zuzendariak 'Balearen Begia' izeneko ikus-entzunezko berrian ari dira lanean. 2012an kontxan hondartzaratu zen balearen eta Joseba Mercader artistaren artean sortu zen harremana azaltzen da.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Une honetan postprodukzioan den 15 minutuko dokumentala da ‘Balearen begia’. Ikus-entzunezko obra bat da, intimista, gizakiaren eta naturaren arteko deskonexioa salatzea duena helburu. Joseba Mercader artista tolosarrak 2012an Kontxan hondartzaratu zen balearekin izandako topa du ardatz. Topaketa hark horrenbesteko eragina izan zuen artistarengan, ezen ordutik balearen forma duten artelanak egiten baititu Gipuzkoako kaletan aurkitutako egurrak erabiliz. Amaia San sebastian eta Cesare Maglioni italiarrak hartu dute lanaren zuzendaritza.
Kultur tartean izan da zuzendari donostiarra, eta berak azaldu digu nolakoa izan zen Joseba Mercader artistaren eta animaliaren arteko harremantze une hura bai eta animalia honek zer ordezkatzen duen artista tolosarrarentzat ere: natura bera da, itsasoa hitz egiten diguna, egiten ari gatzaizkion kaltea bistarazi nahi diguna.
Joseba Mercaderrek, gaisotasun larri bat du, bere gorputza mugiaraztea eta espresatzea ere zailtzen dizkiona, baina borrokalari hutsa da. Ezinezko itsaslabarretan surfean aritzen da eta hala ezagutu zuen Cesare Magnoli, dokumental honen beste zuzendaria.
Amaia San Sebastianek azaldu digunez, dokumentalean saiatu dira arte espresioa lanaren funtsa izaten, eta esan nahi duten hori artearen bidez esaten. Oso lan intimoa da, isilune asko ditu eta sekulako indarra dute hauek gainera. Isiltasunak lan honetan hitzek bezainbeste esaten dute, izan ere Amaia San Sebastianen hitzetan «'Balearen begia', ikusi eta entzuteko adina, sentitzeko egina dago».
Udaberri aldera plazaratu nahiko lukete lana, asmoa, aurkezpenak egin ostean 'Kimuak'en sartzea izango litzateke, eta proiektua naziorteko jaialdietan erakustea.