Sara Zozaya: «Abestiei buelta bat ematen ari gara barruan daukaten energia hori taularatu asmoz»
Bigarren lana kaleratu berritan da Sara Zozaya donostiarra. Baina musikaren mundua arlo desberdinetatik ezagutzen du eta, gaztea den arren, eskarmentu handia du alor horretan. Akordeoia soinean ibiltzen zuenetik, gitarra zintzilikatu eta Donostiako Jazzaldian parte hartzerainoko bidea egin du Zozayak. Jazzaldira joan aurretik, ordea, geldialdia egin du 'Beste bat' saioak egin eta MusikHaria bisitatzeko.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Bakarkako ibilbideari ekin ziola denbora asko pasa ez bada ere, aspalditik du musikarekin lotura Sara Zozaya donostiarrak. «Akordeoiarekin hasi nintzen eta nire musika ibilbideko pausuak hura soinean nuela eman nituen. Baina, pop musikaren baitan 'The roof' taldearekin hasi nintzen bidea egiten. 'Gure doinuak' kontzertuan atera nuen akordeoia oholtzara, baina gero hortik zer entzun ote zen… auskalo! Polita izan zen parte hartu genuen guztiok momentu berean oholtza partekatzea eta horrekin geratzen naiz» kontatu digu Zozayak.
Musikaren ibilbidean bestelako lanetan ere aritu da, ordea, donostiarra. 'Gure bazterrak' izeneko enpresako kide da eta musikaren industrian egiten dute lan haiek. «Norberaren proiektua aurrera eramateko momentuan eta erabakiak hartzeko unean, asko laguntzen du musikaren bestaldean, ekoizpen lanetan-eta, aritzeak. 'Gure Bazterrak'en egindako lanak beste begirada batekin ikusarazten dit nire proiektua eta hori oso ona da proiektuarentzat berarentzat ere. Horrez gainera, oso polita iruditzen zait eszenari mugimendua ematea, beste kontzertuak antolatzea oso ederra delakoan nago eta gainera asko ikasten dut hortik ere. Komunitate baten barruan sentiarazten nau lan horrek, izan ere, finean hori da musika, komunitatea» azpimarratu du Zozayak.
Bi EP kaleratu ditu, momentuz, III eta I. «Lehenengo EPak izatez ez du hiru esan nahi, baizik eta hiru makil dira elkarrengana gerturatzen ari direnak. Dispertsiotik bateratzera, hori adierazi nahi izan nuen. Aita matematikaria dut eta horrek eragin zuen nire barruan diskoa horrela izendatzea. Gainera, matematika eta musika hertsiki lotuta dauden bi diziplina dira» nabarmendu du musikariak. Bigarren EPak goxotasuna eta indarra uztartzen ditu. «Bat EPak indar handia duela iruditzen zaionari, esan nahi diot zuzenean askoz ere gehiago izango duela. Hori ari gara lantzen; diskoan goxotasun asko entzun daiteke, baina zuzenekorako buelta bat ematen ari gara barruan daukan energia hori taularatu asmoz» esan du Zozayak.
Diskoaren baitan, besteak beste Benito Lertxundiren kolaborazioa izan du. «Benitoren bueltan ibili gara lanean eta handik ezagutzen dugu elkar. Egoera hori ez bazen eman, ziurrenik Benitok ez zuela nire diskoan parte hartuko. Kolaborazioak egitea ez zaio asko gustatzen, eta nahiz eta bera ezagutu, beldur nintzen ezezkoa emango zidala. Baina hurrengo belaunaldiarekin konektatzeko modu bat ikusi zuela-edo iruditzen zait, eta horrek erraztu zuela baietz esatea», uste du musikariak.
'We Are Standard' taldeko Jon Agirrezabalaga izan da oraingo EPan teknikari eta ekoizle lanetan aritu dena. «Konfiantza osoa jarri nuen beregan eta hark ongi erantzun du, kantu bakoitzari zukua ateraz. Aurreko lanetik hona aurrerapauso bat ikusten da, batez ere ekoizpen aldetik. Ahotsak badu zerbait berezia eta atzeko oinarria aldatuz gero, zergatik ez, pop-hit horietako bat bihurtu zitekeen. Eta oinarri horrek intentzio guztia erakusten du, guk nahi genuena lortu dugu eta hor Jonek sendotasun eta zabaltasun handia eman dio kantuei», goraipatu du Zozayak.
Beste bat saioen inguruan hitz egitean, zera aitortu digu: «Egiari zor, kanpotik etorritako musikak izan dira orain arte gehien entzun ditudanak. Euskal kantugintza klasikoko abestiak ezagutzen nituen, baina gaur egungoak direnak oso tarteka entzuten nituen. Duela gutxi hasi dira nire egunerokotasunean sartzen. Hip-hop, reggae edota metalcore musika ere abestu dut. Hartara, horien guztien eragina, modu batean edo bestean, badago nire abestietan» dio donostiarrak.
«Beste Bat saioak egiten ulertu dut zergatik kateatzen den jendea irratigintzara. Hain gogokoak diren kantuak hartu eta lau haizeetara zabaltzeko aukera izatea oso polita iruditzen zait. Kantu hautaketa egiterakoan nire gogoko musika entzuten dut momenturo, eta, gainera, abesti horiek jendeak entzun behar dituela pentsatzen dut. Horretarako aukera izaten ari naiz eta oso pozik nabil lan horretan» bukatu du Zozayak.
Kontzertu eta kontzertu artean denbora hartu du gurean izateko. Izan ere, besteak beste, Donostiako Jazzaldian izango da Sara Zozaya bere azken lana aurkezten. Ostiraletan, beraz, bere fonotekako kanturik kuttunenak aurkeztuko dizkigu donostiarrak.