«Auzitegi Nazionalaren eraikuntza juridikoa desegiteko urrats garrantzitsua eman da»
Bi erabaki hartu zituen atzo Frantziako Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxearen kasuan; bere askatasuna ebatzi zuen eta Espainiaren euroaginduetako bat ez onartzea erabaki zuen. Bigarren honek, bereziki, esperantza sortu du Urrutikoetxearen inguruan, Espainiatik abiatutako ofentsiba juridikoa erorrarazteko urrats garrantzitsua izan daitekeelako.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Goizean goiz izan du bisita Egoitz Urrutikoetxeak preso jarraitzen duen bere aitarekin. Atzoko bere aldeko erabakiekin indarberrituta aurkitu duela esan du NAIZ Irratian. «Zuhur» daudela dio, iaz ere izan baizen Josu Urrutikoetxea aske uzteko erabaki bat, gero fiskalak oztopatu zuena. Baina, atzera botatako euroaginduaren kasua garrantzitsua dela uste du, «pieza bat erori da, eta eraikuntza batean pieza bat erortzen denean badakigu dena bertan behera erortzeko arriskua sortzen dela».
Zer moduz dago aita eta nola hartu du erabakia?
Ba ongi aurkitu dut, pozik; nahiz eta zuhurtziarekin hartzea nahiago dugun, ikusita gauzak orain arte nola joan diren, zer gora behera izan diren... azken urratsa eman arte zuhur jarraituko dugu.
Askatasun erabakia ez da ziurra?
Atzo epaileak hartu zuen erabakia argia da, onartu zuen eskumuturreko telematikoarekin libre uztea, gero erabaki horrek berekin prozedura bat ekartzen du, behar da inkesta bat egin ikusteko eskumuturrekoaren sistema ezargarria den proposatua izan den etxebizitzan eta bestelako elementuak ere aztertzen dituzte: mediku batek ikusi behar du, aztertu behar du eta esan bere osasun egoera bateragarria den pultsera telematikoarekin, koadroa finkatu behar da ordutegi eta abarrekin... Hori da erabakiaren gauzatzearen atzerapena azaltzen duena, hori prozedura klasikoa da.
Baina ikusi genuen aurrekoan zer gertatu zen, askatasun eskari bat egon zen, libre geratzera zihoanean agertu ziren bestelako prozedurekin eta berriro preso sartu zuten... atzoko erabakiak ez gaitu uxatzen horrelako egoera batetik, horregatik tentuz hartzen dugu. Baina egia da Dei Auzitegiak hartzea erabaki hori eta fiskalak egin zituen adierazpenak entzunda, non argiki esan zuen berak zekienaz Frantziako justiziak ez zuela oraingoz aita preso sartzeko asmorik, printzipioz aukera hori bazterturik dago.
Noiz argituko da?
Erabakia hartua da, orain badago protokolo klasikoa, bada 2-3 asteko tartea inkesta egiteko, epaileak eman du azken epea inkestaren emaitza epaitegira helarazteko, uztailaren 20an da hori. Orduan berantenik elementu guztiak egon beharko dira epaitegiaren esku eta epaitegiak erabaki beharko du koadroa, noiz atera ahalko den eta guzti hori. Badirudi uztailaren 29ko audientzian jakinaraziko dela eta beraz uztailaren 29an behar luke libre.
Fiskalaren jarreran aldaketa egon da?
Ez dakit jarrera aldaketa bat den edo ez, nik uste dut gauzak bere orokortasunean hartu behar direla. Hor lan bat egin da azken hilabete luzeetan, nik erabiltzen dudan irudia da hiltze bati mailuarekin jo ta jo, ta jo... eta azkenean sartu egiten dela. Lortu da ulertaraztea ekainaren 19an [2019] gertatu zena ez zela onargarria, ez alde humano batetik, ez juridikotik eta ezta alde politiko batetik ere.
Alde juridikotik ere egon zen eztabaida bat, fiskalak bere tesiak defendatu zituen, defentsak bereak eta epaileek ebatzi zuten libre uztea. Fiskalak egin zuena ondoren da eztabaida batean justiziak hartutako erabakia ez errespetatu, zangotrabatu eta ziria sartu bestelako prozedurak abiatuz, prozedura horiek dagoeneko finkatuta zeudenean bi edo hiru aste beranduagorako.
Horretan ere asko insistitu dugu azken hilabeteetan, agerraldietan eta hedabideetan, eta badirudi horrek ere utzi dituela bere ondorioak eta atzo fiskalak audientzian esandakoa aski argigarria izan zen. Adierazi zuen prozedurak asko luzatzen ari zirela eta katramilatzen ari zirela, modu diplomatikoan bada ere espainiar justizia jarri zuen guzti horren iturburuan. Bigarren gauza, aipatu zuen bazela bitxikeria bat, Frantzian bazituela bi auzibide, zigorturik izan zen horiengatik, bi auzibide horietan libre geratu zen, ordea, eta ekainaren 19an kasazio gorteak erabaki hori hautsi zuela. Beraz, Frantziako justiziak bazuela aukera aita preso sartzeko, eta ez zuela egin, Frantziako justiziaren begietara ez dagoelako beharrik bi prozedura horietan preso atxikitzeko. Beraz, zerbait bitxia iruditzen zitzaion fiskalari Frantziako justiziak Frantziako prozedurengatik preso egotea beharrezko ez sentitzea eta aldiz Espainiako prozeduretan preso atxikitzea, ikusirik nola katramilatzen ari diren prozedurak. Uste dut aski deigarria dela hori.
Osasunez zer moduz dago?
Osasunez ongi, ez dakit, ongi zerbait erlatiboa da, baditu gaixotasun kronikoak. Erran behar da konfinamenduaren garaiak oso bortizki bizi izan dituela, bortizki arrazoi ezberdinengatik. Batetik birusa espetxean egon delako eta dagoelako oraindik ere, berriki zaindari eta presoen artean hedatze bat aurkitu baitute, fiskalak hori bera ere nabarmendu zuen atzo. Presio handiarekin bizi izan du, berak eskatu gabe ere kartzelako medikuak ziurtagiria egin zuen aita egoera zaurgarrian zegoela adieraziz, bere adinagatik eta osasun egoeratatik. Eta gero bisitarik ez izatea, hurbileko harremanik ez izatea...
Orain hobeto dago, eta egiari zor atzoko erabakiak indarberritu egin du. Atzo bi erabaki izan ziren, bat askatasunarena eta bestea euroagindu bat ezeztatzearena, eta bigarren erabaki horrek indarberritu du bereziki, urrats esanguratsua delako Espainiako Auzitegi Nazionaletik egin den eraikuntza juridiko hori, kontakizun hori, desegiten joateko. Hor pieza handi bat erori da eta eraikuntzetan piezak erortzen direnean badakigu eraikuntzak ezegonkor bilakatzen direla eta guztia bertan behera erortzeko arriskua dagoela. Eta gu horretan ari gara.
Espainiako Estatuak abiatutako gainerako prozedurek martxan jarraitzen dute?
Bai, guztiak martxan dira, baina fiskalak azpimarratu zuen gauzak luzatzen eta katramilatzen ari direla. Euroaginduen aplikazio markoak finkatzen duen epea 90 egunekoa da, batzuetan luzatzen da... baina hor ia urtebeteko langa gainditurik doaz eta bigarren euroagindua atzo aztertu zuten, ebazpena irailaren 30ean emanen dute. Nik ez dut aurreratu nahi, baina atzoko eztabaidetan oinarritzen bagara aukerak daude ezeztatzeko edo gutxienez informazio gehigarria eskatzeko.
Gauzak asko katramilatzen ari dira Espainiako auzitegiek ez dituztelako aurkezten beharrezkoak diren piezak, eztabaida sakon bat izateko eskari horien egiazko arrazoiak. Nik uste dut argigarria dela 1980an Herguetaren kontrako atentatuaren inguruko eskaria, horrek argiki erakusten du. Ari gara hitz egiten beste erakunde armatu batek aldarrikatu zuen ekintza batez eta hor ari dira Frantziako justiziaren ezagutza falta instrumentalizatzen ziria sartzeko.
Eskenatokia aldatu da atzoko erabakiarekin?
Nik uste dut urrats sendo bat eman dela, agian horrek eramango gaitu tematzera orain arte hartu dugun bidean. Gero, nik uste dut oraindik bidea geratzen dela, bada aitaren kasua baina badira beste kasu andana Frantziako justiziaren atzaparretan harrapatuak direnak eta hor bada bide baten egiteko. Egoerak ezberdinak izanagatik, kasuak ezberdinak direlako, badago frantses estatuaren aldetik ardura izugarria eta nik uste esan behar dela, mendekuan oinarritzen den politika batek ez duela ezer onik ekartzen. Hor gaude azkenean euskal gatazkaren iturburuan dauden korapiloetara itzultzen.
Batetik badugu mendeku jarrera bat eta bestetik badugu nolabaiteko memoria zuritze bat garaian estatu ezberdinek izan duten erantzukizunaz gatazka horren luzapenean eta betikotzean eta nik uste dut momentu honetan GALen existentziaren inguruan azaltzen diren gora behera guztiek hori erakusten dutela. Ariketa zintzo bat egiteko beharra badugu guztiok eta ikusiko dugu ia horrelako urrats txikiek balio duten norabide horretan barneratzeko.