Caroline Phillips: «Arosteguyren zerrenda kontserbadorea da, baina ez da kolore bakarrekoa»
Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeei begira jarri gara astearte honetan; zehazki, Biarritzera begira. Martxoaren 15ean egindako lehen itzulian Maider Arosteguyren zerrenda izan zen bozkatuena bertan, botoen %31rekin. Bada, Arosteguyren zerrenda sostengatzea ebatzi duen Caroline Phillips izan da Naiz Irratian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Martxoaren 15ean egindako lehen itzulian Arosteguyren zerrenda izan zen bozkatuena, botoen %31rekin. Bigarren lekuan kokatu zen Guillaume Baruck buru duen Biarritz Nouvele Vague zerrenda, botoen %16arekin. Bigarren itzulirako aliantza egin du Baruck-ek EH Baik, ekologistek eta hainbat militante ezkertiarrek bultzaturiko eta Brixe Morin buru duen zerrendarekin.
Caroline Phillips-en esanetan herritarren babes zabala du Arosteguyren zerrendak. Alabaina, kritikak jaso ditu zerrenda horrek eskuindarra edo kontserbadorea delakoan. Phillips-ek dio izaera kortsebadorea baduela baina, nolanahi ere, ez duela kolore zehatz bat. Ildo horretan, euskal kultura eta hizkuntza defendatzen dituen zerrenda dela ziurtatu du.
Egungo auzapeza, Michel Veunac, 5. lekuan geratu zen lehen itzulian. Danbateko handia jaso zuen; horregatik, bere hautagaitza bertan behera uztea erabaki du bigarren itzulian. Boto galera horren inguruan galdetuta, Phillips-ek uste du auzapezak ez diela herritarrei entzun.
Une honen Biarritzek dituen behar eta erronken inguruan galdetuta, turismoari erantzuteko azpiegitura egokiak behar direla dio Phillips-ek, tartean ur sarea oso egoera kaxkarrean dagoela. Halaber, turismoari lotuta, eta, batik bat, etxebizitzaren egoeran zentratuta, ohartarazi du estatu frantziarretik herritar askok egiten dutela Ipar Euskal Herrira, tartean Biarritzera leku aldatzeko hautua eta horrek presio egoera bat dakarrela.