IRRATIA

Gatibu: «Desiatzen gaude ostirala iristeko, denon artean sortuko dena oso polita izango da»

NAIZ Kontzertuen eskutik apurtuko du Gatibuk azken hilabeteotako geldialdia, «luze egin zaigu, hiru hilabete jo gabe eta entseatu gabe oso gogorra izan da». Gaizka Salazar bateria-jolearen hitzak dira, Haimar Arejitarekin (gitarra) batera NAIZ Irratian aritu dira ostiraleko kontzertuaren inguruan. «'Hit' ezagunenak eta kantu zaharren bat» iragarri dute «oso berezia» izango den kontzerturako.

Gatibu, 20. urteurreneko kontzertuaren aurkezpenean (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Urte berezia da hau Gatiburentzat, 20 urte bete ditu oholtzetan eta hura ospatzea zen udaberri honetako asmoa. Koronabirusak, ordea, gainerako musika taldeak bezala, akorde eta baketa kolpe oro isildu du, «luzea egin zaigu, musikari batentzat hiru hilabete jo barik eta entseatu barik... oso gogorra izan da». Gaizka Salazar bateriajoleak NAIZ Irratiko Bigarren Kafean aurreratu du «kriston gogoagaz» daudela ostiraleko NAIZ Kontzertuen emanaldirako, «berriz entseatzen hasteko balio izan digu ostiraleko kontzertuak, lagundu digu gure etxeko konfinamendutik atera eta berriro musikak ematen digun zirrara hori pizteko».

Martxoaren 28an zuen urteurreneko hitzordu nagusia Gatibuk, Haimar Arejita, gitarra: «urteurreneko ekitaldi nagusia pikutara joan zaigu, egia esan amorru handiz atzeratu behar izan genuen eta ia urriaren 31n lortzen dugun egitea».

Loading player...

Hatz, gerri eta bihotzak berriz ere astintzeko aitzakia eskainiko die, beraz, Gatibukoei eta zaleei ostiraleko kontzertuak; formatua ez da ohikoa eta emaitza ere berezia izango dela aurreratu du Salazarrek, «astelehenean egon ginen entseatzen eta set-lista adosten, inoiz ez da erraza eta ostiral honetakoa ez da ohiko kontzertua, saiatu gara gure 'hit' ezagunenak aukeratzen eta kantu zaharren bat ere egongo da».

Zaleen aurpegiak ikusi gabe

Ostiralean 22.00tatik aurrera ikusi ahalko da Gatiburen kontzertua NAIZen, berezia izango da, besteak beste, ikusle gehienak etxean izango direlako. Giroa sortzeko arazoa izan daiteke hori? Ezetz uste du Gaizka Salazarrek, «Alexi utziko diogu hori, bere dantzekin ez da problemarik izango», dio umorez, «gainera gogo itzelak dauzkagu jotzeko, ni behintzat desiatzen nago ostirala iristeko eta ahalik eta gogorren jotzeko, denon artean sortuko dena oso polita izango da».

Sarrerak eta irratiaren prebioa

NAIZ.EUS/NAIZKONTZERTUAK webgunean eskuratu daitezke Gatiburen ostiraleko kontzerturako sarrerak, baita hurrengo asteetan izango diren Nøgen, (E12), Zetak (E19), Huntza (E28) eta ETS (U3) emanaldietarako ere (5na euro). Bono bereziak daude (20 euro), baita elkartasun sarrerak ere eta harpidedunek erdi-prezioan eskuratu ahalko dituzte.

Kontzertua 22.00etan hasiko den arren, 21.30ean hasita NAIZ Irratiaren eskutik kontzertuaren aurretiko emanaldia jarraitu ahalko da, hau irekian, NAIZen sare sozialetan. Motorrak berotzeko emanaldia izango da, gau horretako taldearen ibilbideari errepasoa eginez. Kontzertua zuzenean ez ezik, sarrera erosi dutenentzat ikusgai izango da hurrengo 48 orduetan ere.