«Gaixo kopurua oso handia bada ez ote garen iritsiko, horri diogu beldurra»
Donostiako Ospitaleko Larrialdietan egiten du lan Olatz erizainak. Babes materiala falta dela dio eta osasungintzako arduradunen aldetik informazioa ere faltan dutela. Une honetan beldur bat oso presente dute, jende gehiegi joaten bada ospitalera denengana ez iristea, «beldurra dago, etorriko denari, suposatzen da tsunami bat datorkigula».
Este navegador no soporta el elemento audio.
Zein da zure lana eta nolakoak izaten ari dira azken egunak?
Ni Larrialdi Orokorretako erizaina naiz, 13 bat urte daramazkit bertan. Egoera hau denei etorri zaigu gainera, bat-batekoa izan da. Gaixotasunak izaten ditugu inguruan, ohituta gaude, baina egoera hau dezente latza da, ezjakintasunak ez duelako batere laguntzen eta orokorrean dugun sentipena babes faltarena da.
Lankideen artean lehenengo sentimendu eta emozioa kezka da eta ondoren haserrea. Protokoloak aldatzen ari direlako egunetik egunera, lanalditik lanaldira, ordutik ordura eta horrek kezka eragiten du, konfidantza falta eta haserrea. Ikusten dugulako ez gaudela erabat informatuak eta material falta dagoelako. Baina aldi berean beste zerbait helarazi nahi izan digute, esanez nahikoa dela daukagun materialarekin gu eta besteak babesteko, oraingoz behintzat ez dela ezer gehiago behar.
Materiala nahikoa ez dela esaten dut gaur egun ari garelako maskara batekin lan egiten, bata batekin eta beutarreko moduko batzuekin. Ekarri dizkigute baita ere kasko moduko batzuk. Egun osorako badugu EPI bat baina gauza da ez dugula aldatzen behar dugun bakoitzean. Hau da, paziente bat artatzen dugunean, beste bat artatzeko babes materiala aldatu beharko genuke eta ezin dugu ez dugulako material nahikoa.
Egoera honetan konfiantza falta sentitzen dugu, inpotentzia, tristura ere bai, frustrazioa, ez dugulako lan egiten nahiko genukeen bezela eta pazientea zaindu eta behar den bezala artatu nahi dugulako.
Materiala falta dela ari zarete errepikatzen osasun arloko langile guztiak. Zergatik gabezia hau? Egin daiteke edo zitekeen zerbait?
Hau aurreikusia zegoela uste dut. Istorio honekin gabiltza Txinan hasi zenetik. Nik uste adituak direnek eta goian daudenek, boterea dutenek, gaur egun gobernua eramaten dutenek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, bazekitela hau etorri zitekeela. Aurreikusia dagoen zerbait dagoenean neurriak hartu behar dituzu. Baina prebentzio arduradunek esan digutena da orain erabiliko dugula materiala era honetan eta egoera okertzen denean babes materiala gehituko dugula. Aurreko astean esan ziguten orain ez dela beharrezkoa babes guztia ematen digun materiala erabiltzea, etorriko dena ikusita, aurrerago gehiago beharko dugulako.
Egoera okertu egingo dela argi duzue?
Bai, egoera okertuko da, pazienteen kopurua gehituko da eta orduan material gehiago beharko dugu. Horregatik oraingo neurria da materiala ahal den guztia aprobetxatzea.
Bitartean, osasun arloko langileak kutsatzen ari zarete. Zein da egoera zure inguruan?
Baditugu langileak bajan, kutsatu egin direnak . Honen aurrean plantila gehitu dute. Jende berria ere iritsi zaigu. Badakigu pixkanaka gu ere kutsatuko garela.
Zer eskatuko zenuke bizi duzuen egoera zail honetan?
Gure esku pazienteak behar bezala zaintzea dago. Behar dugun materiala eskuratu behar dutenak arduradunak dira. Beraiek dira gu eta pazienteak babesteko materiala eskuratu behar dutenak. Ez dakit nola baina beraiek jakin beharko lukete nora deitu edo nora joan. Nire lana pertsonak zaintzea da eta beraiena behar dugun materiala lortzea.
Ospitalean lan egin ostean etxera joaten zarete. Izango da bakarrik bizi denik, izango da jendearekin bizi denik, baita jende nagusiarekin bizi denik ere. Nola daramazue egoera hau?
Lankideen artean hitz egiten dugu honetaz eta gu kutsatzea baino besteak kutsatzeko beldurra dugu, seme-alabak, aita-amak, bikotea… Horrek asko kezkatzen gaitu. Ni lanera joaten naizenean babesak ez badira nahikoak aukera handia dut etxera joaterakoan besteak kutsatzeko. Estres puntu hori eta tentsioa egunero dugu, eta kezka, batez ere kezka.
Infomazio falta duzuela ere esan duzu.
Guregana hurbiltzen direnean eta protokoloak azaltzen dizkigutenean, ikusten dugu ez direla garbiak. Ondorioz, konfiantza eza sortzen da eta pentsatzen dugu informazio falta dagoela. Helarazten diguten informazioak ez digu batere konfiantzarik ematen, ez dugu ikusten argi hitz egiten digunik. Esan zezaketen «neurri hauek hartu behar dira ez dagoelako material nahikorik», baina ez digute hori esaten.
Lankideek indarra ematen diozue elkarri?
Asko. Gure artean asko laguntzean gara, animatzen gara. Lana oso gustuko dugu eta niretzat larrialdietako taldea orokorrean oso talde ona da, bai erizain laguntzaile, erizain eta medikuak. Gure artean hori gelditzen zaigu, animatzea eta indarrak berritzea.
Arratsaldeko 20.00etan balkoietatik txalo egiten dute egunero herritarrek. Nola bizi duzu ekimen hau?
Eskertzen da, egia esan. Behintzat irribarre bat ateratzen zaigu denoi. Gure lana baloratzea ez da gutxi. Jende asko dago gure egoeran, dendetan daudenak, garraiolariak ere. Denak gaude hor. Lana egin behar dugunean lan egiten dugu eta ahal dugun guztia ematen dugu.
13 urte daramatzazu lanean Donostiako Larrialdietan. Horrelakorik, noski, ez zenuen sekula ikusiko, ezta?
Oso egoera berezia da, ez dakit nola azalduko nukeen. Ezberdina. Lanean aldaketak, pertsonen aldetik, azpiegituraren aldetik… Guk beti ditugu gaixotasun berdinak gutxi gora behera eta hau oso ezberdina da. Batez ere beldurra dago, etorriko denari, suposatzen da tsunami bat datorkigula; ez dakit. Paziente kopurua oso handia bada ez ote garen iritsiko, horri diogu beldurra.
Ikusi egin behar zein den bilakaera, baina beldurra, beraz, presente duzue zentzu horretan?
Bai. Orain dugun egoera, Donostian behintzat, eramangarria da baina ikusten ari gara birusagatik gero eta paziente gehiago dugula. Ikusten ari gara gehitzen ari direla pazienteak eta gehituko direla eta gure kezka iristea da, artatzeko denbora, baliabideak eta neurriak izatea.