Eneko Etxeberria, 'Naparra'-ren anaia: «Ez zen desagertu, desagertarazi egin zuten»
40 urte beteko dira Jose Miguel Etxeberria 'Naparra' desagertu zenetik. Asteazkenean bere familiak bilera izan zuen Genevan Nazio Batuen Erakundeko bat-bateko desagerpenen taldearekin. Bere anaia Eneko Etxeberria Naiz Irratian izan da eta bilera positiboa izan zela adierazi du. Argi utzi nahi izan du bere anaia ez zela desagertu, desagerrarazi egin zutela.
Este navegador no soporta el elemento audio.
«Nahiko pozik gaude bilerako mezuak entzunda». Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'-ren familiak Nazio Batuen Erakundeko bat-bateko desagerpen taldearekin izan zuen bilera. 'Naparra'-ren anaia Eneko Informazioaren Harian izan da eta asteazkeneko bileraren ostean familia oso pozik dagoela adierazi du.
«Bilera esperotakoa baino hobeto joan zen». Etxeberriak azaldu du azaroan izan zutela familiak eta lan-taldeak bigarren bilera honen berri. Asteazkenean egin zuten bilera hori eta Etxeberriak azaldu du garbi utzi dietela interesa badutela. «Gobernu frantses eta espainolari ahalik eta informazio gehien iristeko lanean jarraituko dute».
Etxeberriak adierazi du orain bere anaia Jose Miguel aurkitzeko bigarren indusketa egiteko zain daudela. 2017an egin zuten lehenengoa eta ez zuten zantzurik aurkitu.
«Uste dut desgerpen bat baino min handiagorik ez dagoela». Etxeberriak adierazi du hutsune hori oso zaila dela azaltzen. Ingurukoei eskerrak eman beharrean dagoela esan du, erakutsi dieten babes osoagatik.
Bigarren indusketaren zain daude orain, eta Etxeberriak argi utzi nahi izan du hor jarraituko dutela. «Beste batzuk ere egoera berean daude, eta gure esperientziak beste kasu batzuetarako balio badu ongi etorria izan dadila».