Andeka Larrea: «Badakigu Podemoseko militante askok greba egingo dutela»
Elkarrekin Podemoseko Komunikazio idazkariak bere alderdiak urtarrilaren 30eko grebaren aldarriekin bat egiten duela azaldu du, deialdiarekin bat ez egin arren, «aldarrikapen horiek akordioetara eramateko konpromisoa hartzen dugu». Atzoko Guardia Zibilaren operazioa «harriduraz» hartu dutela azaldu du.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Andeka Larrea, Elkarrekin Podemosen Komunikazio idazkaria, NAIZ Irratian izan da Informazioaren Hariaren lehen edizioan.
Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira bere alderdiaren posizioa azaldu du Larreak, aldarrikapenekin bat egin arren ez dutela mobilizazioa babestuko. Argudioen artean, Espainiako Gobernu berriari denbora eman behar zaiola nabarmendu du eta ez du gehiegi sakondu nahi izan aurreko astean bere alderditik deialdiari izaera «politikoa» egotziz egindako adierazpenetan.
«Badakigu Podemos Ahal Duguko militante askok egingo dutela greba», onartu du Larreak. Espainian bere alderdiaren eta PSOEren artean osatu den koalizio gobernua aipatuta, «planteatzen diren aldarrikapenak akordioetara eramateko konpromisoa» hartzen dutela adierazi du.
Larreak Espainiako Gobernu berriak egindako urratsak nabarmendu ditu, «hamar egunean hiru erabaki garrantzitsu hartu ditu dagoeneko»; aipatu ditu pentsioen %0,9ko igoera, gutxieneko soldataren 50 euroko igoera eta larrialdi klimatikoaren adiarazpena. «Denbora» eskatu du exekutibo berriarentzat.
«Atxiloketak ez ziren beharrezkoak»
Atzo Guardia Zibilak Sortuko hainbat militanteren aurka egindako operazioaren harira, «harridura» sortu ziela azaldu du Elkarrekin Podemoseko Komunikazio idazkariak, «atxiloketak ez ziren beharrezkoak, delitu zantzuren bat balego normaltasunez deitu ahal zituzten epaitegira joateko».
Ongietorriak delitu ote direnaren inguruan, Larreak azpimarratu du gaia epaitegietara iritsi denean «beti adierazpen askatasunaren eremuan kokatu» dituztela epaileek. «Gero, egon daiteke, eta guk gure jarrera dugu, arlo etikoan beste irakurketa bat, ongietorriei buruz, baina judizialki ez du heldulekurik».