«Greba orokorra deitu dugunok bizitza duina aldarrikatzen dugu pertsona guztientzat»
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu du urtarrilerako pentsio, enplegu eta eskubide sozialen alde. Ana Mezo pentsiodunen mugimenduko kidearen hitzetan «momentua da mobilizazioetan salto kualitatibo bat emateko».
Este navegador no soporta el elemento audio.
Bilbon eskeinitako agerraldian egin dute iragarpena Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek. Bertan izan da Ana Mezo pentsiodunen mugimenduko eta Oneka emakume pentsiodunak biltzen dituen plataformako ordezkaria. Urtarrilean egingo den grebaz gain, datozen asteetan ere mobilizazio ezberdinak egingo direla azaldu digu, «lan, pentsio eta bizitza duinaren alde».
Mezok gogoratu du pentsiodunek bi urte daramatela kalean eta beste hainbat eragile sozial ere lanean dabiltzala «bestelako arazo sozialei aurre egiten». Bere hitzetan orain elkartze bat egon da. Guztiek defendatzen dute gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izan dadila eta lan munduan, berriz, 1200 eurokoa gutxieneko soldata. Halaber, 2011 eta 2013ko lan erreformen aurka daude eta indargabetu daitezela eskatzen dute.
Pentsiodunen mugimenduko ordezkariaren esanetan 2008ko krisia aitzakitzat hartuta prekarizazioa eta arlo sozial guztien murrizketak ikusi ditugu azken hamarkadan. Horren aurrean deitu dute greba orokorra, «bizitza duina aldarrikatzeko pertsona guztientzat».
Urtarrila aurretik izango da bestelako mobilizaziorik. Urriaren 30erako elkarretaratzea deitu du Eskubide Sozialen Kartak Gasteizko parlamentuaren aurrean Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformaren aurka. Azaroaren 16rako, berriz, pentsiodunen mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu HEHko hiriburuetan.