En directo

Hauteskundeetako bost egun falta diren honetan, Naiz Irratian egon da Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, baikor baina aldi berean zuhur, «euforia» alboratuz. Emaitza ona espero du igandean, inoiz ezker independentistak hauteskunde hauetan lortutako onena, 2011koa eta 2023koaren gainetik: «Uste dut hori nahiko aise gaindituko dugula. Partehartze handia izango da, jendeak beldurra duelako eta herri honek eskarmentua duelako. Gu herriak epaitzen gaitu», adierazi du.
«Hala ere, gerta daiteke guk gau horretan sekulako emaitza izatea eta Estatu espainolean gobernu erreakzionarioa izatea –aitortu du–. Beste batzuk (EAJ) ari dira esaten hori jada eginda dagoela baina geldiarazteko aukera bat dago. Feijoo guk geldiaraztea... gau borobila izango litzateke hori», nabarmendu du Otegik.
Kanpainaren bilakaera oso positibotzat baloratu dut. «Lasaitasun guztiarekin aritu gara, inorekin sartu gabe. Hauteskundeak ez dira irabazten hauteskunde egunean, lehenago irabazten dira. Fruituak jaso behar dituzu egun horretan, mikatzak edo goxoak, baina hori gertatzeko gauzak aurretik egin direlako. Baldintzak sortu ditugu», uste du.
EAJrekin ikamikan hasteko batere asmorik ez duela argi utzi du Otegik. Aipamen txiki bat egin du bakarrik, hautagai jeltzaleek Voxekin ez dutela ezer partekatuko gero eta gehiago nabarmendu ostean. Gogorarazi die Durangon, 2023ko udal hauteskundeetan, Vox ez zela aurkeztu PPk ordezkaritza lortzea errazteko, eta gero PPko zinegotzi horrek eman ziola alkatetza EAJri, EH Bildu herriko indar nagusia izanik.
«Baina txikikeria izan daiteke hori», aitortu du, orain dagoen bidegurutzearekin alderatuta. Izan ere, eskuinak elkarrekin hel daitezke Gobernu espanolera eta horrela gertatzekotan «ez-ohiko egoera batean sartuko gara. Eta ez-ohiko egoera batean ez-ohiko planteamenduak egin beharko lirateke» itun politiko eta gobernagarritasunari dagokionean. »Herri honetan badira beste motatako eredu batzuk –ekarri du gogora–: Nafarroan gobernua beste era batera osatuta dago, eta Iruñean, eta Ipar Euskal Herrian... XXI. mendean politika beste batera egin behar da: lehiatu bai, baina kolaboratu ere bai», argudiatu du.
Iñaki Soto GARAko zuzendariak kanpaina honetako berritasun bat jarri dio mahai gainean Otegiri: «ETAren komodina agortuta dagoela» antzematen da. Are gehiago, Oskar Matutek berak atera zuen gaia astelehen gaueko TVEren debatean, EH Bilduk giza eskubide guztien alde duen posizioa berretsiz, Aieteko Urriaren 18ko Adierazpenaren ildotik. Arerio politikoek taktika hori behingoz baztertuko ote duten galdetu dio elkarrizketatuari: «Horrekin jarraituko dutela uste dut –erantzun du Otegik–, baina ez funtzionatzen duelako, beste ezer ez dutelako baizik. Argudiorik ez dutenean komodin hor ateratzen dute. Beraien ahultasunaren seinalea da».
Estatua eta mundua
Espainiar Estatuan dagoen indar banaketaz hausnarketa hau utzi du Otegik elkarrizketan: «Hor ez dago gobernu aurrerakoirik guk sustengatzen ez badugu. Kuriosoa da–aipatu du espainiar ezkerreko indarrei zuzenduz–: esaten digute ‘zuek nazionalistak zarete’, ba kontxo, kuriosoa da, guk mapa beste kolore batez pintatzen dugu, hemen eta Katalunian, eta beraiek ez dute lortzen. PSOEren ezkerraren daudenak hausnarketa egin beharko dute, konfederalak badira konfederalak izan beharko dira benetan». Euskal Herria, Katalunia, Galiza, Pais Valencià eta Andaluzia batuta, ezkerreko hautagai subiranisten kopuruak Frente Ampliorena bikoiztu edo hirukoiztu dezaketeela aurreikusten du.
Eskuinak Espainia mailean gailenduko balira, «ez-ohiko egoera bati ez-ohiko moduan» erantzun beharko zaiola uste du Otegik. Gainera, «XXI. mendean politika beste batera egin behar da: lehiatu bai, baina kolaboratu ere bai», argudiatu du
Bertan zabaldutako gerra politiko-judizialari ere erreparatu diote: «Hemen erabilitako eredu errepresiboa esportatu dute. Ez dituzte tankeak erabiltzen, judikatura erabiltzen dute, frankismoarekin hausturarik ez zelako izan. ‘Estatu sakonak’ gauza bat du buruan: Sanchez botatzea».
Hausnarketa mundu osora zabalduz, «demokrazia liberalen krisiaz» mintzo da Otegi, kapitalismoaren areagotzeak «jendeak beharrak ez dituelako asetzen». Agertoki horren «printzipio sozialistei heldu behar diegu berriz ere. Munduan badago ezkerra birfundatzeko aukera bat», ziurtatu du. Adibide gisa, AEBetan bere burua sozialistatzat duten hautagaiek irabaztea posiblea dela frogatzen ari da, eta lehen guztiz pentsaezina zen.
Eraldatzen ari den mundu honetan aldagai bat nabarmendu du: «Pandemiatik hona, etortzen dena mehatxu bezala ikusten du jendeak. Ezkerrak ziurtasunak eman behar dizkio jendeari, eta EH Bilduk badu gaitasun hori», ziurtatu du, oinarri zabala, mobilizaziorako gaitasuna, erro sendoak eta etorkizunerako proposamenak dituen neurrian.
«Euskal Herria irla bat da, non gauzak beste era batera egin daitezkeen. Oso iluna den agertoki baten aurrean kolorea eman behar du. Herri honetan sekulakoak pasa ditugu historia zehar eta zutik gaude. Irrifarrez joango gara boza ematera», amaitu du Otegik.


