En directo

Bigarren Kafea
Entrevista

Zaintzaile bat, hiru testamentu eta herentziarik gabeko alaba bat

Testamentua egitea norberaren borondatea adierazteko modu bat da, baina zer gertatzen da erabaki hori presio edo manipulazio bidez hartzen bada? Maite Tolosak azaldu digu.

Zaintzaile bat, hiru testamentu eta herentziarik gabeko alaba bat

Loading player...

Maite Tolosak, Ema Abokatuak bulegoko abokatuak, Katalunian izandako kasu bat aletu digu. 86 urteko gizon batek alaba oinordekotzatik baztertu eta zaintzailea oinordeko izendatu zuen, baina justiziak haren azken hiru testamentuak baliogabetu zituen. «Auziaren gakoa ez zen gizonak testamentua egiteko gaitasunik ba ote zuen, baizik eta erabakia libreki hartu ote zuen ala ez» esan digu abokatuak. 

Gizona eta alaba elkarrekin bizi ziren, eta harreman ona zuten, harik eta zaintzailea kontratatu zuten arte. Ondoren, hiru hilabetean hiru testamentu egin zituen gizonak, zaintzailea oinordeko izendatuz, eta 250.000 euroko aseguru bat ere kontratatu zuen haren alde. Tolosak azaldu duenez, epaileek egoera osoa aztertu zuten, ez azken testamentua bakarrik. Izan ere, «ez baita oso normala hiru hilabetean hiru aldiz testamentua aldatzea», azaldu du abokatuak, manipulazioaren balizko zantzuak aipatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoan, oinordetzari buruzko araudia bestelakoa da. Tolosak azaldu duenez, «Euskadin, askatasun handiagoa dago norberak nahi duena egiteko eta nahi duenari uzteko bere herentzia». Euskal Zuzenbide Zibilaren arabera, seme-alaben legitima herentziaren heren batekoa da, eta testamentua egiten duenak zati hori oinordekoetako bati uztea eta gainerakoak baztertzea aukera dezake. Espainiar Estatuko Kode Zibilaren arabera, aldiz, seme-alabak desheredatzeko legezko arrazoi bat egon behar da. Nolanahi ere, aplikatu beharreko legea pertsona bakoitzaren auzotasun zibilaren araberakoa da.

Tolosak hiru ideia nagusirekin laburbildu du gaia: herentzia banatzeko askatasuna, borondatearen babesa eta erabakiak garaiz hartzearen garrantzia. Izan ere, adinak edo arazo kognitiboek ez dute berez testamentua egiteko gaitasuna kentzen. «Pertsona batek nahi beste alditan eta nahi beste modutako testamentuak egin ditzake», azaldu du, baina betiere erabakia ulertzeko eta libreki hartzeko gai bada. Horregatik, abokatuaren gomendioa argia da: «Hobe da herentziak ez inprobisatzea». 

Jaurlaritza Logoa