En directo
«Datorren urteari begira sekulako ilusioa dago»
Helburua beteta itzuli da Euskaltel-Euskadi Panamatik eta, bere lehen urtean, Gari Ugarte (Legazpia, 2005) taldeko kide izan da bertan. Ia ezinezkoa zirudien arren, lan-talde osoaren esfortzuarekin ametsa egi bihurtzea lortu du dagoeneko 2027ra egira dagoen klub laranjak.
«Datorren urteari begira sekulako ilusioa dago»

Lortutakoa ondo ospatuta eta 15 ordu lo eginda harrapatu dugu Gari Ugarte Euskaltel-Euskadiko txirrindularia Panamatik itzuli berri, dagoeneko Euskal Herrian. Talde laranjak UCI rankingeko lehen 30 taldeen artean amaitzea lortu du, «duela ez asko ia ezinezkoa zirudien helburua», eta, horri esker, datorren urtean hiru itzuli handietako batean parte hartzeko gonbidapena jasotzeko aukera izango du. «Taldea ilusioz beterik» dagoela azaldu du legazpiarrak.
Ugartek adierazi duenez, «talde osoaren ahalegina izan da helburua betetzeko gakoa», eta emaitzak ilusio handia piztu du talde laranjaren barruan. Orain, denboraldi berriari begira jarri dira, erronka berriei aurre egiteko gogoz eta datorren urteko egutegiaren zain. «Mikel bezalako erreferente bat izateak proiektuari beste maila bat ematen dio», gaineratu du legazpiarrak.
Panamatik itzuli berria, helburua lortuta. Nola zaude?
Ezinezkoa ikusten zena lortuta eta jendea oso pozik dago. Itzuli handiak korritzeko aukera ematen digu eta, aldi berean, ikusgarritasun handiagoa. Taldearentzat eta bere etorkizunarentzat oinarrizkoa zen zerbait lortu dugu.
Eta sufrituta, lana gogotik eginda. A ze amaiera izan duzuen puntuak gorabehera, azken asteetan lau kontinentetan lehiatuta.
Egunero zegoen berri onen bat. Esnatu eta agian Txinan korritzen zuten eta aurkariren batek irabazten zuen. Oso intentso bizi izan ditugu bi aste hauek.
Nolako egunak izan dira Panaman bizi izan dituzuenak?
Politak. Lehiakor ikusten ginen, nahiz eta duda batzuk eduki. Hong Kongen 13 orduko ordu diferentzia zegoen eta han lotan geunden ordutan, Panaman lehiatzen ari ginen. Orduan, ez genekien gorputzak nola erantzungo zigun. Baina talde osoa indartsu geunden, lehiakor ikusi ginen eta disfrutatutako lasterketa izan zen. Ez genuen zalantzarik egin beste astebete kanpoan egoteko eta 30 lehenengotan ziurtatzeko. Eta hor ikusten da hori, denon konpromisoa eta Euskaltel ez dela edozein talde, koloreak sentitzen ditugula.
Eta batasunaren seinale.
Bai, hori da. Talde osoak eduki dugu konpromiso hori. Eta gero denboraldiaren azken zati honetan, jendea nekatuta dagoenean, zerbait edukitzea buruan eta esatea: ‘Postu bakoitza, hiru puntuko alde hori borrokatu egin behar da’. Eta azkenean hori nabaritu da azken sailkapenean.
Azken hilabeteak ekin aurretik, egoera nola zegoen ikusita, zenbaterainokoak ziren esperantzak?
Orain dela hilabete bat, Txinan geundenean, aurkari zuzenak talde txinoa eta Picnic ziren puntu aldeengatik. Bardiani eta MBH Bank oso zaila ikusten genituen 400 puntuko aldea zegoelako. Zaila zen, baina pixkanaka joan ginen eta azkenean Bardiani izan da kanpoan geratu dena.
Honek eskubidea ematen dio taldeari 2027an hiru itzuli handietarako gonbidapena jasotzeko. Tourra eta Giroarekin zailago izan daiteke, baina Vueltarekin esperantzarik ba al duzue datorren urterako?
Hori azkenean gure esku ez dagoen zerbait da. Orain talde profesionalen egoera ikusita, edozein gauza gerta daiteke; talde asko ari dira desagertzen eta ez dugu Tourrean egoteko atea ixten.
Helburua lortuta, zein balorazio egiten duzue?
Ni, pertsonalki, lehenengo urtea izanda, oso pozik segituan egokitu naizelako eta bukaera aldean lehiakor izan naizelako. Eta, orokorrean, ikusita bukaera aldean izan dugun errendimendua, oso ona izan da.
Alor pertsonalean, Itzulian egoteko aukera izan duzu!
Azken orduko zerbait izan zen. Frantzian nengoen klasika batzuetan eta azken orduan bat gaixotu egin zen eta hara eraman ninduten. Beste amets bat izan zen. Hori lehenengo urtea izanda ez nuen batere espero eta hara joan eta Seixas bezalako txirrindulariekin ikustea, sekulakoa izan zen. Eta bertako jendearekin eta lagunak animatzen. Oso polita.
Eta datorren urtean Mikel Landarekin, besteak beste. Sekulako ilusioa izango da dagoeneko klubean.
Bloke nahiko sendoa daukagula uste banuen, hurrengo urtean maila hori handitu egingo dela uste dut, eta Mikel bezalako erreferente bat edukitzea, proiektuari beste maila bat emango dio.
Mikel bera ere ikusi dugu Panamako argazkietan ikurrina eskuetan, proiektuaren oso gainean eta sartuta.
Sorpresan etorri zen. Lehenengo klasika horretan, helmugara lasai-lasai iristen ari nintzela ikurrina bat ikusi nuen: Landa anaiak. Sorpresa izan zen eta gero beraiekin egon ginen eta oso jatorrak biak.
Zenbaterainoko garrantzia izan du Landak honetan?
Handia. Mikelek Vueltako etapa hori irabazi zuenean, guretzat beste motibazio bat izan zen. Vuelta osoa sufritzen egon zen, ez zuen bere maila lortu eta azkenean atera zen bere arraza guztia.



