En directo

Peli Lekuona | Hegoi Belategi

«Formakuntza» [H]aga espazioan, «faxismoari aurre egiteko»

Alternatiba alderdi politikotik jaiota, baina esparru ezberdinak okupatzeko helburuz sortu da [H]aga. Formakuntza, hausnarketa eta politizazio esparru gisa pentsatuta dago eta Ailen Marinerok dionez, feminismoa, ekologismoa, sozialismoa edota subiranismoa izango dituzte eztabaidagaien artean. 

«Formakuntza» [H]aga espazioan, «faxismoari aurre egiteko»

Loading player...
Ailen Marinerok [H]agaren helburuez hitz egin du.
Ailen Marinerok [H]agaren helburuez hitz egin du. (NAIZ Irratia.)

Urriaren 2an (ostirala) [H]agaren aurkezpen ekitaldia hartuko du Bilboko Euskalduna Jauregiak 10:00etatik aurrera. «Formakuntza ezinbestekoa da faxismoari aurre egiteko», dio Ailen Marinero espazioko arduradun eta Alternatibako ordezkariak, «guretzat garrantzitsuak dira borroka, ekintzak eta kaleak hartzea, baina diskurtso horiei aurre egiteko ezinbestekoa da formakuntza hori eta elkarlana», gaineratu du. 

Izan ere, militantzia politiko eta sozialaren ardatzetako bat osatzera dator [H]aga, hausnarketa eta eztabaidaren bitartez, ideia atzerakoien aurrean erantzuteko baliabide eta ezagutza gehiago edukitzeko. Alternatiba, EH Bildu eta ezkerreko subiranotasunaren baitako bestelako eragile eta mugimenduak «elikatzea eta batzea» da [H]agaren helburu nagusietako bat, Marineroren esanetan, «ardatz oso zabala daukagu, landuko ditugu feminismoa, ekologismoa, antikapitalismoa, sozialismoa, subiranotasuna...»

Planteatutako oinarriekiko jakin-mina duen edonor bertaratu daiteke [H]agak antolatutako saioetara, baina gazteak bereziki ongi etorriak izango dira espazioko koordinatzaileak aurreratu duenez. «Proiektu hau zuzenduta dago ezker subiranistarekin identifikatzen diren pertsonei, baina jarri dugu fokua gazterian, gure ustez gazteak izango direlako etorkizuna aldatuko duten ala aldatu ahalko duten gizarte sektorea». 

Euskalduna Jauregiak datorren ostiralean hartuko duen jardunaldian honako gaiak jorratuko dituzten aditu ezberdinen laguntzarekin: 78. erregimenaren ondorioak, ezegonkortasun geopolitikoa, kultura antifaxista, eskuin muturraren gorakada hedabideetan edota intersekzio borrokak. 

Jaurlaritza Logoa