En directo

Bigarren Kafea
Entrevista

«Tomas ez da galtzaile bat, pertsona normal bat da; torpe samarra da, baina ez da galtzailea»

Koldo Almandozek, Iñigo Azpitartek eta Izaro Nietok ‘Azken agurra’ filmaz hitz egin dute Bigarren Kafean: heriotza, kontraesanak eta zinema egiteko modu desberdinak izan ditugu hizpide.

«Tomas ez da galtzaile bat, pertsona normal bat da; torpe samarra da, baina ez da galtzailea»

Loading player...

Hileta laikoen enpresa baten jabea da Tomas, 45 urte inguruko gizona, eta bizitzak alde guztietatik estutzen du: gidabaimena galdu du, ekonomikoki larri dabil, alabarekin harremana zailtzen ari zaio eta, gainera, bera baino 25 urte gazteagoa den praktikariarekin maiteminduko da. 

Baina Tomas ez da, Koldo Almandoz zuzendariak azpimarratu dueenez, galtzaile baten erretratua. «Tomas ez da galtzaile bat, pertsona normal bat da; torpe samarra da, baina ez da galtzailea». Hor dago, hain zuzen, filmaren gakoetako bat: pertsonaia ez dago erraz epaitzeko eraikita. Bere akatsekin, gezurrekin eta kontraesanekin agertzen da.

«Guztiok gara gezurtiak behar dugunean, eta guztiok egiten diogu aurre bizitzari ahal dugun moduan», azaldu digu lantaldeak. Donostiako zuzendariak komedia existentzial baten bidez begiratzen dio heriotzari, azken batean, bizitzaz hitz egiteko. Umore beltza, samurtasuna eta melankolia nahasten dira egunerokotasunetik urrun ez dagoen pertsonaia baten inguruan.

Izaro Nietok Tomasekin duen harremanean ere aurkitu du pelikularen indarguneetako bat. «Niretzat kontraste horretan oso ondo moldatu gara», azaldu du. «Denok dauzkagu gure lotsak, beldurrak, maskarak, bakardadea…», gogorarazi dute elkarrizketan.

Horregatik, Azken agurra ez da erantzunak ematera doan pelikula. «Zinea magia da, eta gaur egun zinemara joaten gara eta zinema meza da; badakigu zer esango diguten, eta ateratzerakoan zer pentsatu behar dugun. Pelikula honek kontrakoa egiten du» esan digu zuzendariak. 

Filmaren atzean badago, gainera, zinema egiteko modu bati buruzko aldarrikapena. «Ni oso aske sentitzen naiz, txikia izatearen abantailak horiek dira; guk egiten ditugu, guk hartzen ditugu erabakiak». Almandozek ez du ezkutatzen hautu horrek baduela kostu bat: «Nahiago kasu askotan galtzea, diru gutxiagorekin pelikulak egitea, baina aske izatea».

Eta Iñigo Azpitartek esaldi batean laburbildu du bere lotura filmarekin: «Ni bertan egongo ez banintz, gustura ikusiko nukeen pelikula da».

Jaurlaritza Logoa