En directo
«Negarrez idatzitako disko bat da, % 80 kotxean»
Ekainean argitaratu zuen Mahl Kobat musikariak 'Auman disku, aumai' izeneko diskoa baina ez du promoziorik egin. Amonaren heriotzaren albistea jasotakoan idatzi zuen, eta berari eskaini dio.
Beatriz Serrano idazleak kontatzen du bere amonak behin eta berriz kontatzen ziola txokolate fabrika batean lan egiten zueneko istorioa, nola nagusiak baimena eman zien txokolatinak jateko lanorduetan… ehunka aldiz entzun omen zuen Serranok istorio hori. Idazleak dio denbora luzez pentsatu zuela amonak istorio hura kontatzen zuela asko gustatzen zitzaiolako. Gerora konturatu zela hori kontatzen zuela, amonak ez zuelako istorio gehiago kontatzeko. Une hura, berarentzat, bere bizitzako une handienetako bat izan zela: etxetik fabrika batean lan egiteko irten zenetik, berriro etxean sartzeko ezkondu zen arte iraun zuen askatasun-aldi bakarra.
Annie Ernaux idazle frantsesak, bere emakume izoztua maisulanean dio gure amonen bizitzak bi urte besterik ez zuela irauten. Bi urte beren ikasketa orokorrak, zoriontsuenak, amaitu eta ezkondu eta dena ahaztu aurretik. Bi urte horietan fabriketan edo dendetan egiten zutela lan, eta gero senarra aurkitzen zuela. Bi urte horietan, emakumeek lagunak izan, kafeak hartu, zinemara edo antzerkira joan, erakusleihoen aurrean paseatu eta munduaren zati txiki bat aurkitzen zutela mantal bat jantzi eta sukaldeko leihoetatik begiratu aurretik. Lehengoa, guraso eta neba-arrebei eskainitako bizitza, eta ondorengoa, senarrari eta seme-alabei eskainitako bizitza.
Beñat Bidegain (Mahl Kobat) musikariak dio, bere amonak 90 urte zituenean, familiak uste zuela gauzak ahaztu zituela eta zorotzat jotzen zutela batzuetan, baina ez zela horrela. Guztia nahastu zitzaiola eta berak argi zuela ulertu egin behar zela nondik zetorren nahaste hori: zaintzari eskaini ziola bizitza, aitona hil zenetik denbora gehiegi izan zuela berarentzako eta ez zuela jakin izan nola bete.
Bere amonarentzako disko bat egin du orain Beñatek, bere heriotzan oinarrituta. Baina izan zitekeen Beatriz Serranoren abuelarentzako disko bat. Edo Annie Ernauxen grand-mère-arentzat. Edo nire amonarentzat, edo zurearentzat.
«Ez da askotan jotzeko disko bat, ensaiatu ere ez dut asko egiten, bestela gastatu egiten da eta hau ezin da gastatu» aitortu digu, beraz, zortedun sentitzen gara Bigarren Kafean bi abesti eskaini dizkigulako.


