En directo

Iraila sartu eta berehala jendeari aldartea aldatu egiten zaio, uda atzean utziz; baina ez gaitezen engainatu: irailaren gehiengoan, ordaindik, uda da. Nolanahi ere, aurtengo udan musikarekin lotuta izandako bi gertakari latz gogoratuko ditugu gaur; izan ere, urtaro honek asko eman badigu ere, dexente da kendu diguna. Zehazki, bi izen handi: Bonnie Tyler eta Dolly Parton.
Hala da: uztailaren 8an itzali zen Bonnie Tyler abeslariaren argia, 75 urte zituela. Hilabete eta erdiren ostean eraman zuen heriotzak, halaber, Dolly Parton handia, abuztuaren 25ean; hau 80 urterekin. Ez dut beste hedabideetan bi artista hauek batera jarri dituen artikulurik ikusi, eta beraz, hemen nire omenalditxo bateratua.
Bonnie Tyler, izatez, Gaynor Hopkins izenez jaio zen Skewen herrian, Galesen. Tira, hil arte ere, horixe izan zen bere izena; Bonnie Tyler alter-ego musikala omen zen. Imagination izeneko taldea sortu zuen gaztetan, tabernaz taberna aritzeko; eta horietako batean topatu zuten RCA Records diskoetxekoek. Beragan zerbait ikusi, eta kontratu diskografiko bat proposatu zioten, baina baldintza batekin: Izen artistiko bat behar zuen. Gaynor gazteak, esan eta egin: Bonnie Tyler hautatu zuen izen artistiko gisa.
1977an, eztarriko nodulu batzuk kentzeko ebakuntza egin zioten, eta medikuak, horrelako kasuetan egin ohi den bezala, egun batzuetan hitzik ez egiteko eskatu zion. Bonniek, aldiz, egun batez amorruz beteriko oihu bat bota zuen, anaia bisitatzeko ospitalera bidean, berarentzako oparia ahaztu zitzaiolako. Oihu horrek bere tonua aldatu zuen betirako, denok ezagutzen dugun ahots urratu horri ateak irekiz.
‘It’s a heartache’, ‘Total eclipse of the heart’ edota ‘Holding out for a hero’ abesti entzutetsuak oparitu zizkigun ahots apurtu horrekin, eta 80ko hamarkadan izan zuen, batik bat, ospea. Abestia hasi eta segundo gutxira ezagutu zitekeen bere ahotsa; eta hori musikari askok dakigu oso zaila dela lortzen. Bonnie ospearen mamiak dastatzen hasi zenerako, ordea, beste emakume batek Estatu Batuak bere besoetan hartuta zituen duela hamarkada batetik. Milaka kilometro mendebaldera jaio zen, bost urte lehenago, Tennesseeko mendietan; eta bere jaiotzako izena eta izen artistikoa berberak zien kasu honetan: Dolly Parton (tira, Dolly Rebecca Parton, berez).
Dolly Parton da country musika mundu mailara zabaltzea lortu duen emakumerik ezagunena. Ez dago bera baino handiagorik. Baina, horrez gain, beste gauza asko ere izan zen: konposatzaile bikaina, bai bere abestiena, baita beste batzuena ere; enpresaria, aktorea, baita filantropoa ere. Familia oso txiroan jaio izanak zeharkatu zuen bere ibilbide guztia. Pobrezian bizi ziren familietako haurrei hezkuntza justuago bat eman nahian, The Imagination Library fundazioa sortu zuen: harpidetzen zen orori, hilean behin, haurrentzako liburu bat bidaltzen zion postaz, doan.
‘Jolene’, ‘9 to 5’ edota ‘Coat of many colors’ bezalako abesti ikonikoak utzi zizkigun Dollyk, eta ez hori bakarrik: Whitney Houstonek ‘The Bodyguard’ filmean ospetsu egin zuen ‘I will always love you’ abestia, berez, Dollyk konposatua (eta abestua) zen.
Bi ahots distiratsu joan zaizkigu uda honetan. Bi emakume ausart eta autentiko. Ulertzea zaila badirudi ere, euren ibilbidean inoiz elkartu ez ziren bi izar; nahiz eta elkar miresten zutelako froga idatziak dauden. Lurrak goxo har zaitzatela, Bonnie eta Dolly.



