En directo

Lide Hernando
Musikaria eta ‘Ad libitum’ saioko gidaria

Jazz, Swing, Grunge edo Punk: nola sortu dira musika-generoen izenak?

Musika organismo biziduna da: etengabe dago eraldaketan. Kulturek, testuinguru politikoek eta nahasketek soinu eta erritmo mota askotarikoak sortu dituzte; eta aldaera ezberdin horiek gizarteari azaltzeko, ikerlariek eta hedabideek kaxoi ezberdinetan sartu behar izan dituzte: musika-generoak.

Jazz, Swing, Grunge edo Punk: nola sortu dira musika-generoen izenak?

Loading player...
1890eko New Orleanseko banda baten karikatura irudi bat.
1890eko New Orleanseko banda baten karikatura irudi bat. (Wikimedia)

Jakina da musikari askorentzat musika generoak deserosoak direla, sorkuntzaren askatasuna mugatzen duen zerbait, musikaren izaera moldagarria zurruntzen duena. Alta, musikaren ikerketarako oso baliagarriak izan dira. Horietako bakoitzak, historiako punturen batean, izen bat jaso du, genero hori legitimatzen eta betikotzen lagundu duena. Baina nola, non eta zergatik sortu dira izen horiek? Gehienak prozesu natural baten emaitza izan dira. Hona hemen horietako batzuen anekdotak:

Jazzarekin hasiko gara. Jazz hitza baseball testuinguruan erregistratu zen lehenbizikoz, 1912an: Ben henderson jokalariak, elkarrizketa batean, pilota jazz ball bat bailitzan bota zuela esan zuen; bizitza propioa edota arima zuela esan nahian bezala. Hitza, berez jass idatzia, Ghaniar jatorriko adiera kolokial bat omen zen, New Orleanseko migranteek ingeles hizkuntzan sartu zuena; eta bi esanahi izan zitekeen: arima propioa zuen zerbait, edota konnotazio sexual eta pikaroa zuena. Laster hasi ziren NOLAko musikariak euren jergan ere jass hitza erabiltzen, eta hirian 20-30 hamarkadetan sortu zen musika estilo berriari deitzeko modua izaten amaitu zuen. Jass hitzak zuen konnotazio sexualak musikari fama txarra emango ziolakoan, ordea, apur bat aldatu zuten hitz hura: Jazz izango zen handik aurrera, bi z-rekin idatzia.

Rock and roll jauna deitu zioten Alan Freedi, baina musika genero honen hitza lehenagotik sortua zegoen (Wikimedia)
Rock and roll jauna deitu zioten Alan Freedi, baina musika genero honen hitza lehenagotik sortua zegoen (Wikimedia)

Rock and rollak ere badu bere historia. Teoriak dio Alan Freed izeneko dj batek asmatu zuela hitza; baina ez da guztiz egia: Freedek irrati-uhinetatik zabaldu aurretik, hizkuntza afroamerikarrean hitz horrek hamarkadak zeramatzan jendearen ahotan. Rocking and rolling adierak modu bizian dantzatzearen esanahi kolokial bati egiten zion erreferentzia. Estatu Batuetako hiri ezberdinetan gazteak aztoratzen ari zen estilo berri eta dantzagarri bat sortzen hasi zenean, jendea dantzatzeko era horrekin identifikatzen hasi zen soinu berri hori; rock and roll. Noski, autoritatezko ahots bat behar zuen generoak legitimo bihurtzeko: hor sartu zen jokoan Clevelandeko dj-a zen Alan Freed. Freed-en hitzetan, ordea, rock and rolla ez zen «izen modernoa zuen swing musika» besterik.

Eta swingaz ari garela, hau, hasiera batean, jazzaren esparruko musika-teknika baten izena zen; erritmoak mugimendu jostari bat zuela esateko erabiltzen zena. Jazzean, erritmo horrek zurruna beharrean elastikoa izan behar zuen, balantzaka ibiltzen zena, hori esan nahi baitu swing hitzak: balantzaka ibiltzea. Ostera, jazzeko big bandetatik eratorritako estilo berria izendatzeko erabili zen hitz hura.

Mudhoney taldea, 2007ko ekainean (Wikimedia)
Mudhoney taldea, 2007ko ekainean (Wikimedia)

Irain hitzetatik sortutako estiloak

Aipamena behar dute, halaber, artikulu honetako azken hiru musika estiloek, jatorri beretik sortu baitira hirurak: irainak izatetik. Halaxe da, musika-generoen historian leku garrantzitsua dute irain-hitzetatik sortutako estiloek: funka, grungea eta punka, hain zuzen ere. Lehenak ‘kiratsa’ esan nahi du, eta afroamerikarrei egindako irain arrazista bat da finean; afroamerikarrek bere egindako iraina, beti ere. Bigarrenak izen-abizenak ditu: Mark Arm musikariak, Seattleko aldizkari batera bidalitako eskutitz batean erabili zuen lehenbizikoz grunge hitza bere banda deskribatzeko. Eta zer esan nahi zuen grunge hitzak? Bada, zaborra. Azkenik, punk hitza jatorri txiroko pertsona delitugile bati deitzeko erabili ohi zen; musika-mota honen egileetako askok jasoko zuten iraina, dudarik gabe.

Jaurlaritza Logoa