En directo
«Euskal Okelaren egoera kezkagarria da; ekoizpenaren laurdena galdu da»
EHNE sindikatuak larritzat jo du Euskal Okelaren egoera. Garikoitz Nazabalek, sindikatuak Gipuzkoan duen ordezkariak, egoera muturrekoa dela salatu du NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean, eta, besteak beste, Lakuako Gobernuaren jarrera kritikatu du.
«Euskal Okelaren egoera kezkagarria da; ekoizpenaren laurdena galdu da»

EHNEk, ENBAk egin moduan, denbora darama okelaren sektoreak bizi duen egoera larriaren berri ematen, eta hainbat mobilizazio egin ditu aste honetan beraien ezinegona erakunde publikoei eta herritarrei helarazteko asmoz.
Garikoitz Nazabal EHNEren Gipuzkoako ordezkaria da eta NAIZ Irratian izan da ostiral honetan. Azaldu duenez, 2020tik 2025erako epean, 1,2 milioi kilo Euskal Okela gutxiago egiaztatu dira. Kopuru hori ekoizpen osoaren laurdena da. Nabaria da, beraz, Eusko Label sormarka duen haragiaren ekoizpenak pairatu duen beherakada.
Horretaz gain, Lakuako Gobernuak, Euskal Okelaren eta Eusko Label sormarkaren arduraduna den erakundeak, ez diela datu zehatzik eman gaitzetsi du sindikatuko ordezkariak. Nazabalek kritikatu duenez, ezin izan dituzte datuak modu zuzenean jaso.
Barredo sailburuarekin haserre
EHNEko kidea bereziki haserre agertu da Amaia Barredo Lakuako Elikadura, Nekazaritza Garapen eta Arrantza sailburuarekin, honek joan den astean egindako adierazpenen ostean.
«Larriena iruditzen zaiguna da Amaia Barredo sailburuak prentsa ohar baten bidez adierazi zuela Euskal Okela erreferentzia dela baserritarrentzat, herritarrentzat, funtsean, jendeak horrekiko apustua egiten duela. 2025etik 2026ra ez dela ekoizlerik galdu ere baieztatu zuen. Adierazpen horiek lotsagarriak direla esatea gutxi dela iruditzen zaigu», salatu du Nazabalek, «sailburuak esandakoak ez baitatoz bat errealitatearekin».
Bestalde, datuak manipulatuta edo «tranpa» moduan aurkeztu izana kritikatu du, izan ere, Euskal Okela ekoizle gisa altan emanda egoteak ez du ekoizlea bere ekoizpen osoa sormarka horrekin saltzera behartzen. Euskal abeltzain ugarik baldintzak bete arren sormarkarekin lan ez egiteko erabakiaren gainean galdetuta, Nazabalek merkatu-logikari egotzi dio arazoa.
Adibide zehatza eman du EHNEko ordezkariak: «Merkatuan hain ohikoak diren borroka horiek ematen dira. Hemen dauden bi banatzaile nagusiak Eroski eta Uvesco taldea dira. Kasu honetan, Eroskik co-branding baten bidez Euskal Okela erabiltzen du; Uvescori berriz, historikoki ez zaio interesatu aliantza hori eta bere marka propioa erabiltzen du. Horrela, Eusko Label bezala saldu daitezkeen txekorrak ez dira horrela ziurtatzen, saltzailearen araberakoa baita ekoizlearen erabakia».




