En directo

NAIZ Irratia

Sanjoanen ostean, bada zer egitekorik Hernanin

Hernaniko kanpoko igerilekuan izan gara Kosta ala kosta saioko hirugarren egunean. Bertako instalakuntzez gozatzeaz gaindi, udan bestelako eskaintzarik ere badela esan digute hernaniarrek.

Sanjoanen ostean, bada zer egitekorik Hernanin

Loading player...
Hodei Elola eta Oritz Barrenetxea Sutargi erromeria taldeko kideak gerturatu dira Kosta ala kosta saiora.
Hodei Elola eta Oritz Barrenetxea Sutargi erromeria taldeko kideak gerturatu dira Kosta ala kosta saiora. (Malen FRANTSESENA)

Ane Arrieta Hernaniko Udaleko kirol teknikariak harrera egin eta igerilekuan goxo hartu gaitu 8:30ak eman orduko. Muntaketa lanak egin eta irratsaioa harekin abiatu dugu Kosta ala kosta berri bat egiteko. Igerilekuaren kudeaketaz, bisitariez eta sortzen duen inpaktuaz ibili gara hizketan.

Julene Goiburu eta Malen Frantsesenak kontatu digute nolako igerilekuak dituzten Hernanin, haientzat eremu guztia zutela txoko desberdinak ikustera joan direnean. Ikustera, eta probatzera! Julene Goiburuk ez baitu aukerarik galdu bertako txirrista eta jolastokiak probatzeko.

Aitor Huizi Hernaniko Udaleko kultur zinegotziarekin izan gara segidan eta ‘Uda parkean’ ekimenaren inguruan aritu gara hizketan berarekin. «Sanjoanak bukatu eta Hernani hustu egiten dela mito bat denez», uztailaren 23tik 25era bitarte Ave Maria parkean hiru egunetako aisialdi eskaintza garatu du Hernaniko Udalak.

Eta haien artean izango dira Sutargi erromeriakoak ere. Zazpi hilabete baino ez dira plazara irten zirenetik eta uda honetan hogeitik gora emanaldi eskainiko dituzte. Oritz Barrenetxea eta Hodei Elola taldekideak izan dira gurean, erromeriaren hastapenak, plazekin izan dituzten lehen hartu-emanak eta etorkizunerako dituzten asmoak kontatuz. Eta, esan digutenez, berezia izango da uztailaren 24an Hernanin eskainiko duten kontzertua. 

Bihar ez da Kosta ala kosta saiorik izango eta ostiralean, berriz, BBK Live jaialdiaren lehen egunak eman duena kontatuko digute Iraia Cambrak eta Iker Gurrutxagak. Hori ere badelako udako plana. Datorrena, berriz, astelehenean izango da, uztailaren 13an, Mugaldeko udalekukoekin elkartuko baikara Arantzan.

Jaurlaritza Logoa