En directo

Ia hilabete besterik ez da falta San Martzialetarako. Irungo kaleetan nabari da festak badatozela, eta horrek esan nahi du: Alarde parekidearen eta publikoaren aldarrikapena badatorrela. Aurten gainera urteurren berezia izango da. Hiru hamarkada pasa dira jada, Bidasoaldeako Emakumeak taldeko kide batzuek Udalari ordenantza aldatzeko eskaria egin ziotenetik; egun hartan gizonezko bizilagunekin Alardean parte hartzeko eskatu zuten.
Duela 30 urteko gertakarien gainean galdetuta, Karmele Tolosa, aldarrikapen horretan parte hartu zuen emakumeetako batek, «emozio kontrajarriak» izan zirela azaldu du, gaurko Udalbatzan berpiztuko dituztenak. Egun hartan, Udalak jai berdintsuago baten alde ez egiteko erabakia hartu ostean, hainbat emakumek haien zapiak bota zituzten, protesta sinboliko moduan.
Dena den, Tolosak berretsi du alderdi guztiek ez dutela jarrera berdina, izan ere baziren beren proposamenarekin bat etorri ziren taldeak. Hain zuzen, EA, HB eta Izquierda Unida alderdiak aipatu ditu, EAJ eta PSEren kontrako jarrera guztizkoa izan zela salatu duen bitartean. Gogora ekarri du, Santano hiriko alkate zela, eskakizuna luzatu ziotela ere, eta honen erantzuna bere ardura ez zela izan zela. «Esan zigun berak alkate bezala ura eta argi-indarra zegoela bermatzen zuela, baina festak, Alardea antolatzea, ez zela bere ardura».
Bestalde, Tolosak gogoratu du ere duela jada hiru hamarkada egin zuten eskariak entzute handia izan zuela Irunen, 60.000 biztanle baino gehiago dituen hiria bada ere, denok ezagutzen direla berretsi du, eta berdintasunaren aldeko aldarrikpenak familien barruan liskarrak eta kuadrilak haustea ekarri zuelako besteak beste.
Patxi Perez, Alardeko Publikoko jenerala ere izan da NAIZ Irratiko mikrofonoetan, kargu hori izango duen lehen urtea da aurtengoa. Perezek oso pozik dagoela aitortu du, eta ilusioz helduko diola erronka honi; dena den, udalak denontzako alarde bat ez antolatzea deitoratu du.
Hondarribiko kasuarekin alderatuz, jeneral berriak, herriz herriko ikusten den errealitatea desberdina dela nabarmendu du, baina esperantzaz ikusten du Irungo Alardearen etorkizuna, Hondarribira jada jai berdintsuaren aldeko urratsak heldu badira, laister Irunera heldu beharko liratekelako.
Perezek aldarri argi bat egin du elkarrizketa amaitzeko: «Guretzako garrantzitsuena etorkizuna da, uste dugu garaia dela 30 urte eta gero, Udaletxeak guztiontzako Alarde bat antolatzeko».


