En directo
Urte luzez AZTIn ibili ondoren, egun, Euskal Herriko Unibertsitatean, Ikerbasque ikertzaile gisa, Plentziako Itsas Estazioan (PIE) egiten du lan Xabier Irigoienek. Bigarren Kafean izan da, itsasoaren egoeraz, klima-aldaketaz eta arrantzaren etorkizunaz hitz egiteko.
Irigoienen esanetan, itsasoaren egoerari dagokionez, «kudeaketa aldetik asko hobetu da», baina, aldi berean, ohartarazi du klima-aldaketak eragin handia izaten ari dela. Horren adibide moduan, itsasoko tenperaturen igoerak arrain-espezie batzuetan duen eragina aipatu du: «Tenperatura altuagoak antxoarentzat onak dira, baina berdelarentzat ez, eta gero eta iparralderago doa espeziea».
Arrantzaren sektoreari buruz ere hitz egin du elkarrizketan. Bere ustez, gaur egun arazo nagusia ez da arrain falta: «Arrantzaleek oso lan ona egin dute kontrolaren eta kudeaketaren alorrean». Aldiz, bestelako erronkak aipatu ditu, hala nola belaunaldi-erreleboa edo prezioen egoera.
Euskal Herriak itsasoarekin izan duen harreman historikoa ere izan dute hizpide. «Itsasoarekin konexioa galdu dugu, baina baita basoarekin edo nekazaritzarekin ere», azaldu du. Hala ere, nabarmendu du Euskal Herriak Europa mailan duen pisua: «Euskal Herriko kostaldea txikia da, baina potentzia gara, eta tamainari ez dagokion papera daukagu».
Irigoienek herritarren ardura ere azpimarratu du, hondakinen kudeaketa eta itsasoarekiko errespetua ezinbestekoak direla gogoratuz: «Ez bota gauzak edonora, zuen hondakinak ondo kudeatu, eta itsasora gerturatzean ez egin astakeriarik». Era berean, bertako arrainaren kontsumoa defendatu du: «Hemengo arraina jatea gauza ona da, bai itsasoarentzat, baita jendearentzat ere».
Etorkizunari begira, gertuko egoerarekin baikor agertu da, baina aldaketa globalaren aurrean kezka ere baduela aitortu du: «Aldaketak egongo dira itsasoan, hori horrela izango da».


