En directo

Bigarren Kafea

«Fikziozko istorio bat asmatu dugu benetan gertatu zena azaltzeko»

Ategorrietako sarraskiaren inguruko kontakizuna komikira eta musikara eraman dute lau sortzailek, Beñat Apalategi, Markel Ormazabal, Lander Arbelaitz eta Maren Gainzarainek. 

«Fikziozko istorio bat asmatu dugu benetan gertatu zena azaltzeko»

Loading player...

1931ko maiatzaren 27an gertatutako Ategorrietako sarraskia du abiapuntu Ategorrietan Fisterra komikiak. Pasaiako portuko langileen greba testuinguruan kokatzen den gertakari hura da XX. mendean, gerra egoeratik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian izandako sarraskirik handienetako bat. Hala ere, egileek diotenez, gaur egun oraindik oso ezezaguna da.

«Ideia aspaldi samar sortu zen. 90. urteurrenaren harira hainbat erreportaje egin ziren eta horrek piztu zigun harra», azaldu dute sortzaileek. Handik abiatu zen proiektua, duela lau urte inguru martxan jarri zutena.

Komikiak benetako gertakari historikoak ditu oinarri, baina fikziozko istorio baten bidez kontatzen dira. «Ategorrietan egun hartan zer gertatu zen azaltzen da. Fikzio historia bat asmatu dugu benetan gertatu zena azaltzeko», diote. Hasieratik argi zuten ez zutela txosten historiko huts bat egin nahi: «Produktu literario bat izatea nahi genuen».

Komikiaz gain, bi kantuko binilo bat ere argitaratu dute. Gailu eta Nakar taldeek sortu dute kantetako bat, Beñat Gaztelumendiren hitzekin; bestea, berriz, Niña Coyote, Chico Tornado eta Balaken elkarlanetik jaio da. 

«Proiektua osatu egiten du musikak. Komikia memoria historikoa lantzeko tresna interesgarria bada, kantua zer esanik ez»,hala diote egileek.

Dokumentazio lan handia ere egon da atzean: hemerotekak, garaiko prentsa eta bestelako testuak landu dituzte komikia osatzeko. Hizkuntzaren lanketan ere bereziki aritu dira, Koldo Izagirreren laguntzarekin garaiko euskararen kutsua bunbuiloetara eramanez.

Azken batean, komikiaren eta musikaren bidez, 1931ko Ategorrietako gertakariak gaur egungo iruditerian berriz txertatzea izan da helburua. «Zer gertatu zen kontatzeko artefaktu ezberdinak sortu dira», laburbildu dute.

 

Jaurlaritza Logoa