En directo

Maria Laespada Lazpita

Gerra kontseilu frankistak, errepresioaren zerbitzura

Gerra ostean hasi eta trantsizioa deitu zena gauzatu arte mantendu zituen Francoren diktadurak gerra kontseiluak, auzi zibilak militarren eskutan jartzeko bidea izan ziren. 

Gerra kontseilu frankistak, errepresioaren zerbitzura

Loading player...
Gerra Kontseilua
Gerra Kontseilua (Ipar-Mendebaldeko Eskualde Militarreko Tarteko Artxiboa, Ferrol)

Gerra kontseiluak frankismoaren tresna errepresibo nagusietako bat izan ziren. Gerra kontseiluak, prozesu sumarisimoak edota urgentziazko sumarisimoak legedi militarraren parte ziren arren, zibilak epaitu zituzten organo hauetan. Prozedura judizialaren itxurapean, erregimenak jurisdikzio militarra erabili zuen jokabide politiko, sozial eta ideologikoak zigortzeko, errepresioa praktika instituzionalizatu bihurtuz.

Epaiketa hauek gerraosteko lehen urteetan egin ziren gehien bat, baina ez ziren desagertu ondoren. Erregimenak justizia militarrera jotzen jarraitu zuen bere errepresio politikoaren une garrantzitsuenetan, Burgosko Prozesuan edo 1975eko iraileko fusilamenduetan, adibidez. Horrek erakusten du ez zirela gerraosteko anomalia puntual bat izan, kontrol politikorako egiturazko tresna bat baizik.

Prozesua akusatuen atxiloketarekin hasten zen, askotan salaketak, polizia-txostenak, torturapeko adierazpenak edo bermerik gabeko ikerketak zituzten oinarri. Ondoren, auzia bideratu eta sententzia ematen zen. Salaketarik ohikoenak hainbat deliturekin lotzen ziren, hala nola «rebelión militar» edo «auxilio a la rebelión». Paradoxa juridikoa agerikoa zen, errepublikaren legezkotasuna defendatu zutenei matxinada leporatzen zieten haren aurka matxinatu zirenek.

Espediente, zigilu eta sententziekin prozedura horiek legezko forma zuten arren, haien izaera erabat ez-legitimoa izan zen, eta gizateriaren aurkako krimenak aurrera eraman zituen errepresio-sistema baten parte azter daiteke.

Aberrazio juridikoak ugariak izan ziren, hainbat aldiz epaitu ziren pertsonak gertakari berarengatik, ez zen errespetatu in dubio pro reo printzipioa, ez zen defentsarako eskubide errealik izan, eta gerora kriminalizatu ziren jokabideak delitu gisa zigortu ziren. Azken batean, gerra-kontseilu frankistak ez ziren epaiketa militarrak, legezkotasunez estalitako jazarpen politikorako mekanismoak izan ziren.

Jaurlaritza Logoa