En directo

Bigarren Kafea

«Ez da doluari buruzko liburu bat, dolua ez da gaia, dolua abiapuntua da»

Aitaren heriotza abiapuntu, egunerokotasunarekin nola jarraitzen den kontatu digu Oihana Aranak bere Zerua Hemen liburuan. Haren poesiak eta bizipenak aletu ditu gaur Bigarren Kafean.

 

«Ez da doluari buruzko liburu bat, dolua ez da gaia, dolua abiapuntua da»

Loading player...

Arbolak horitzen doaz, eta urtsu dator erreka, berrabiarazi dezagun gure azken elkarrizketa. Hala dio Nerea Ibarzabalek idatzitako poema txikiak Zerua Hemen izeneko liburuaren sarreran. Elkarrizketen oroitzapenek, bizitakoaren memoriek eta sentimenduek bete baitituzte Oihana Aranak martxoan argitaratu zuen liburu berriak. Hasiera batean aitari eskainitako dolu liburu bat izan daitekeena, orriak irakurri ahala bizitzako momentu ezberdinen ingurukoa bihurtuko da. «Ez da doluari buruzko liburu bat, dolua ez da gaia, dolua abiapuntua da», argitu du Oihana Arana idazleak. 

Azken bi urtetan bere bizitzan zehar emandako gertaera ezberdinak kontatzen dituen poesia liburu honek bidaia gorabeheratsua dakarrela esan daiteke: «Minetik pozerako bidaia kontatzen da, bukaera aldera momentu ilun gutxiago daudelako», dio idazleak. Aitaren heriotzaren momentuan idazketa alde batera utzi bazuen ere, beranduago hau dena biltzeko beharra sentitu zuelako idatzi duela azaldu du. «Aktibatzen dudanean idazketa, agertu egiten zaizkit poemak», kontatu du, eta hala iritsi dela 74 poemaz betetako liburua argitaratzera. 

«Ahozkotik ahalik eta gertuen egon nahi izan dut; emozio geruza batzuetara iristeko beharrezkoa zela iruditu zitzaidan», gehitu du Oihanak, eta hala osatuta daude idazki asko. Agian arkatzaz idatzi beharreko, baina boligrafoz edo mugikorreko oharretan idatzitako poesia liburuaren inguruan hitz egiteko, gaur Bigarren Kafean izan da Oihana Arana Cardenal.

 

Jaurlaritza Logoa