En directo

Aurtengo topaketen berritasun nagusia ohiko talde-lanak egin beharrean, lekukotasunak eta eztabaidak izeneko dinamika izan da. Bertan, iritzia emateko aukera dute jardunaldian izan diren euskara teknikariek. Aitziber Arnaiz eta Patri Arburua teknikariak NAIZ Irratiak Manuel Lekuona Kultur etxean jarritako txokotik igaro dira. Ofizioaren alde ezberdinak aurkeztu dituzte: herritarrekin burutzen den lana ala «geroz eta zailagoa» bihurtu diren ohiko lan moldeak. Aitziber Arnaiz, Oiartzungo euskara teknikariak azaldu du, idatzitako tradizioak direla legeak. «Arazo handi bat dugu. Legeak ez daude gure tradizioetan oinarrituak. Beraz, auzolana eta herrigintza bezalako kontzeptuak legeari eta administrazioari oso urrun gelditzen zaizkio».
Jardunaldien irekiera Euskal Herriko administrazio ezberdinetako ordezkariek burutu dute. Bertan izan da Jabi Arakama. Euskarabideako zuzendariak onartu du, Nafarroa «normalizaziotik urrun» dagoela. Hala ere, NAIZ Irratiko mikrofonoetan berretsi du «baliabideak eta aukerak daudenean», nafar gizarteak positiboki erantzuten duela. Halaber, «ikaragarritzat» jo du eremu ez euskalduna askoren mentalitatean sartu izana. «Errealitateak ez digu hori esaten. Egia da errealitate soziolinguistikoa ezberdina dela eskualde batzuetan edo besteetan, baina euskaldunen portzentai duinak daude eskualde guztietan».
Iñigo Urrutia, EHUko Justizia soziolinguistikoaren katedrako zuzendariak 'Justizia soziolinguistikoaren katedra EHUn. Zer egin dezake katedra batek?' izeneko solasaldian parte hartu du. Jardunaldiaren atarian, gaurkotasunean bolo-bolo dagoen EAEko Enplegu Publikoaren Legearen bueltako proposamen ezberdinak aletu ditu, EAJ eta EH Bilduren bideak uztartzeko aukera barne. «Iruditzen zait benetan gai garrantzitsua dela, segurtasun juridikoa eman behar zaie udalerriei. Egoera honetatik aterabide bat topatu behar da», adierazi du.
Oroimenetik elementuak berreskuratuz, euskarak izan dezakeen pizkunde berri baten osagaiez galdetu zaio, Xabier Azkue, Zumaiako euskara teknikariari. `Hamaika argi gure euskarari' liburuan jasotako artikulu batean XX. mende hasieran jada euskara eskakizunak zeudela kontatu du. «Lan postu publikoak eta deialdiak egiten zirenean baldintzak jartzen ziren. Euskara zekitenak lehenesten ziren. Horrek adierazten du badagoela borondate bat, eta ez dela gaur egungo azken urteetako kontua bakarrik. Hori jakinez gero, askoz errazagoa da gaur egungo politika eta asmoak ulertzea».



