En directo

Lasarte-Orian egiten ari diren Udaltop jardunaldiak egiten ari dira, ‘Justizia linguistikoa: diskurtsoak, praktikak eta oinarriak’ goiburupean. Aurtengo edizioan, hizkuntza politikaren oinarri etiko eta politikoak izan dira ardatz, eta gaurko saioan lekukotasunek eta eztabaidek hartuko dute protagonismoa.
Jardunaldietan parte hartu duten udal euskara teknikariek nabarmendu dute justizia linguistikoa ezinbesteko tresna dela gizarte kohesionatuago bat eraikitzeko, baina oraindik ere euskararen normalizaziotik urrun dagoela Euskal Herria. Hala ere, «borondate politikoa dagoen tokian gauzak eraldatu daitezkeela» azpimarratu dute.
Oldarraldi judiziala eta hizkuntza eskakizunak
Udaltopen parte hartu duten Aitziber Arnaiz Oiartzungo euskara teknikariak eta Patri Arburua Bortzirietako euskara teknikariak hizkuntza eskakizunen aurkako errekurtsoek sortutako kezka azaldu dute.
Arnaizek adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den «oldarraldi judiziala» dela gaur egun kezka nagusietako bat. «Askotan aholkuak behar izaten ditugu hizkuntza eskakizunak ezartzeko edo neurriak hartzeko, baina ez dago hizkuntzaren justizian behar adinako espezializaziorik», azaldu du.
Ildo beretik, Arburuak gogorarazi du Nafarroan egoera hori ez dela berria: «Ja legea martxan jarri zenetik bizi izan dugu egoera hori». Bere esanetan, udal askok urte luzez pairatu dituzte hizkuntza eskakizunen aurkako errekurtsoak eta auzi judizialak.
Teknikari nafarrak argi azaldu du zein den askotan administrazioan euskararen alde lan egitearen abiapuntua: «Beldurra. Hori da lan egiteko abiapuntua».
Administrazioaren mugak eta legearen inertziak
Bi teknikariek salatu dute administrazioaren prozedura gero eta konplexuagoa dela eta horrek euskararen sustapena oztopatzen duela.
Arnaizen hitzetan, «gero eta zailagoa dugu gure erara lan egitea». Azaldu du legeak ez daudela herriaren tradizioetan eta auzolanean oinarrituta, eta horrek zailtasunak sortzen dituela herrigintza eta hizkuntza aktibazioa administraziotik bultzatzeko.
Bestalde, Arburuak kritikatu du administrazioaren tramitazioak gero eta denbora gehiago kentzen diela teknikariei: «Neure buruari oroitarazi behar diot ni hor nagoela euskara sustatzeko eta ez dokumentazioan trabatuta bizitzeko».
Bi teknikariek azpimarratu dute, hala ere, udalerri euskaldunetan badutela «urrats bat gehiago emateko ardura», eredugarri izan behar dutelakoan.
Herritarren aktibazioa, lehentasun
Udaltopen hizpide izan den beste gai nagusietako bat herritarren aktibazioa izan da. Oiartzunen eta Bortzirietan herritarren ahalduntzea eta kontzientziazioa lehenetsi dituztela azaldu dute teknikariek.
Arnaizek azaldu du Oiartzunen aktibazio soziala dela gaur egun lehentasunetako bat: «Herritarrak ahalduntzea, kontzientziatzea eta konpromisoak hartzea da helburua».
Bortzirietan, berriz, euskara biziberritzeko hirugarren plan estrategikoa abiatu berri dute. Arburuaren esanetan, aurreko planetatik ikasi dute «arnas luzeko planteamenduak» behar direla.
Gazteekin egiten duten lana ere nabarmendu dute bi teknikariek. Arnaizek azaldu du ikasleekin egiten dituen elkarrizketak eta proiektuak direla bere laneko unerik aberasgarrienetako batzuk: «Izugarrizko satisfakzioa jasotzen dut gazteekin lan egitean».


