En directo

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Txekiar Errepublika, Pragatik haratago

Praga lorez jantzi ohi du bisitariak beti, baina hiriburutik haratago ezagutu beharreko eskaintza zabala du Txekiar Errepublikak. 

Txekiar Errepublika, Pragatik haratago

Loading player...
Harrizko hiria
Harrizko hiria (Marko Ganuza)

Askotan, Txekiar Errepublikara bidaiatzea pentsatzen dugunean, Praga izaten dugu buruan. Agian, Karlovi Vari hiri termal ezagunera eguneko txangoa egitea otuko zaigu, besterik ez. Errealitatea zera da, Txekiar Errepublika, bere osotasunean, gure artean oso ezezaguna dela. Hori gertatzen da Praga hiriak gainontzeko lekuak eklipsatu egiten dituelako, turismoari dagokionean. Horregatik, bidaia honetan Pragako zirkulutik kanpo geratzen diren leku ikusgarriak ekarri nahi ditugu hurrengo lerroetara.

Gaur Txekiar Errepublika Pragatik haratago ezagutarazteko helburua dugu, eta horretarako, errepideetan barrena ibiliko gara lekurik berezienak deskubritzeko, hiriburu eklipsantea zapaldu gabe. Gizateriaren Ondarea izendapena duten hiriak, familientzako mendi-txangoak, enoturismoaz gozatzeko ibilbideak eta harrizko labirintoak zai ditugu. Txekiar Errepublika Pragatik haratago ez du inor epel utziko.

Bidaiatu aurretik. Txekiar Errepublika ez da oso exigentea bidaiarientzat dokumentazioari dagokionean, baina badira bidaiatu aurretik jakin beharrekoak, herrialdetik, alde batetik bestera mugitzen hasi aurretik dena ongi planifikatuta eramateko.

Errepidean. Txekiar Errepublikatik gidatzea erraza eta segurua da. Errepideak egoera onean daude eta gainera, Praga eta dozenaka hiri lotzen dituen autobide sare ona dago. Autobideetan ibiltzeko, ordea, biñeta on-line erosi eta autoa erregistratu behar da.

Zenbat den behar da Txekiar Errepublika bisitatzeko? Zenbat denbora eskaini herrialde bat ezagutzeari subjektiboa izaten da beti. Mendi txangoak egin nahi duenarentzat, hirietako zoko ederrak patxadaz ezagutu eta museo zein bisita gidatuak planifikatzen badira gutxienez bi aste eskaini behar zaiola bidaiari esan daiteke. Beti ere, hiriburua alde batera utzita.

Noiz bisitatu? Egia esateko, ez dago bestea baino hobean den garairik, urtaro bakoitzak berezko xarma baitu herrialdearen onenak eskainiz. Udaberrian, parke naturaletan mendi-ibilaldiez goza daiteke udako beroa jasan gabe. Uda ezin hobea da Txekiar Errepublikara bidaiatzeko eta bertako laku eta gune termaletan bainu bat hartzeko. Udazkenak esperientzia enoturistiko bikaina lehen pertsonan bizitzera gonbidatzen du: mahats-bilketa Palavan, Moraviako hegoaldean. Neguan, eskia eta, oro har, elur-kirolak maite dituztenek eski-pistetan izango dituzte unerik onenak.

Ibilbideak, Txekiar Errepublikako xarmaz gozatzeko

Txekiar Errepublika bistatzeko ibilbiderik onenak proposatu nahi ditugu, geldiuneak eginez bereziki interesgarriak diren lekuetan.

Txekiar hegoaldean barrena: Cesky Krumlov eta parke nazional txikiena

Bidaia Txekiar Errepublikako hegoaldean hasiko dugu aurreneko zati honetan, Cesky Krumlov hiri zoragarria bisitatuz. Ondoren, Austriako mugaraino gidatuko dugu, Txekiar Errepublikako natura-parkerik txikiena, Podyji, oinez ezagutzeko.

Cesky Krumlov (Marko Ganuza)
Cesky Krumlov (Marko Ganuza)

Český Krumlov Txekiar Errepublikako hiririk bisitatuena da Pragaren ondoren. Orografia dela eta, leku berezi samarra da, alde zaharra Moldava ibaiaren meandro baten barruan baitago. Zalantzarik gabe, ez zaio xarma falta (ezta turistak ere). Krumlov bisitatzeko modurik onena paseatzea da, goiz edo arratsalde bat hartuko duena lasai asko. Moldava ibaiaren gaineko zubia zeharkatuz, hirigune historikora iristen da. Berehala ohartzen da bidaiaria zergatik dagoen hiri hau UNESCOren zerrendan inskribaturik.

Podyjí Parke Nazionala Znojmo hiriaren hego-mendebaldean dago, Austriarekiko mugan. Podyjí Txekiar Errepublikako lau parke nazionalen artean txikiena da eta basati samarra izateagatik aski ezaguna. Paisaiaz, ondo kontserbatutako naturaz eta Dyje ibaiko meandroez gozatzea plan bikaina da, familientzat egokiak diren ibilbideak eginez.

Moraviako karsta: Punkvako kobazuloak eta Macochako amildegia

Europa Erdialdeko gune karstiko handienak eta ederrenak bisitariak zur eta lur uzten ditu. Erakarpen nagusia 138 metroko sakonera duen Makotxaren amildegi ospetsua da, mito eta elezahar beldurgarriz bustia. Zalantzarik gabe, Moraviako Karst-a Txekiar Errepublikaren berezko altxorra da, bisitari oro aho zabalik utziko duena lurraren erdigunera bidaia eginez.

Moraviako Karst-a Txekiar Errepublikako gune karstiko garrantzitsuena eta ezagunena da. Brnoko iparraldean dago, Blansko herritik oso gertu. Kareharriz osatutako eremu natural hori Mila eta ehun kobazulo bezala ezaguna da. Hala ere, horietatik guztietatik bisita-turistikorako oso ondo egokituta dauden bost kobazulo bisita ditzakezu: Macochako amildegia, Punkvako haitzuloak eta lurpeko ibaia (Punkevní jeskyne), Katalina haitzuloa (Katerinská jeskyne), Balcarka haitzuloa, Sloup-Sousuvka haitzuloak eta Výpustek haitzuloa.

Txekiar Errepublikako iparraldeko harrizko hiriak

Txekiar Errepublikako iparraldeko harriko hiri ikusgarriak leku paregabeak dira mendi-ibiliak egiteko, bitxia eta arraroa den paisaia batean murgilduta. Harrizko hiri erromantikoak edertasun handiko lekuak dira, horregatik, Adršpach-Teplice arrokak Txekiar Errepublikako formazio harritsu bisitatuenen artean daude. Harrizko zintzur erakargarritasunagatik eta arroken formengatik bereziak, bai eta hamarnaka metroko altuerako arroka-kanoi batetik ibiltzean sortzen duten txikitasun sentzazioarengatik ere.

Adršpašsko-Teplické arrokak Erdialdeko Europako harrizko labirintorik handiena eta basatiena da. Txekiar Errepublikako paisaiarik harrigarrienetako eta fantastikoenetako bat da, eta mendi-ibilaldiak eta eskalada egiteko leku preziatuenetako bat da, Narniako kronikak bezalako filmen eszenatokia izan dela ahaztu gabe. Inguru natural hau bisitatzeko, Dolní Adrspach herri txikira, hau da, Poloniako mugaraino bidaiatu behar da.

Ibilbidea ikusgarria da, eta leku harrigarriak ditu, hala nola, Saguaren Zuloa izenez ezaguna den harkaitzetako pitzaduran barrena doan pasabidea: 50 zentimetroko zabalerako harkaitza bertikala; ia lagun bat kabitzen ez den lekua.

Gozatu hareharrizko dorre multzoaz bertako begiratokietatik eta ez galdu Maitaleak (Starosta eta Starostová) izenekoa; agian ibilbide honetako begiratokirik harrigarriena.

Filmetako paisaiak Suitza-Bohemian

Pinu-basoen eta haran lodien paisaia mistiko horretan harkaitz dorreak, ateak, hormak, amildegiak, eta labirintoak nabarmentzen dira. Horixe da Suitza-Bohemiako Parke Nazionala: Arroken inperioa eta oso arrunta ez diren landare zoragarrien etxea.

Suitza Bohemia Txekiar Errepublikak eta Alemaniak partekatzen duten parke nazionala da, Suitza Saxona deitua mugaz bestaldean. Diotenez, Erdialdeko Europako parke naturalik onena da. Zalantzarik gabe, edertasun handiko eremu naturala da, eta etxe ederrez betetako paisaia liluragarria du.

Suitzako Bohemia Parke Nazionaleko txango ezagunenetako bat Pravкická brána arku natural handia da. Familien gogokoena da eta egun oso bat eskaini behar zaio. Arko naturala oso ezaguna bihurtu da Narniako kronikak filmean agertzeagatik. Filmearen lehenengo zatian, (Lehoia, sorgina eta armairua) paisaia elurtuaren agerpen nabarmena dago (62. minutuan). Paisaia, zalantzarik gabe, Txekiar Errepublikako Pravcicka Brana izeneko zubi natural horretan filmatua da, Suitza Bohemiako eskualdean.

Bidaiatzen jarraitu beharko genuke guretzat hain ezezaguna den herrialde honetan zehar, agian Pilsen garagardoaren sehaskara, edota termetako epizentroa diren hiri termaletara ...Baina hori beste bidaia batean izango da.

Jaurlaritza Logoa