En directo

Maria Laespada Lazpita

Errepresio frankista, hil eta gero ere

Francoren diktadura garaian hil eta gero ere errepresioak ez zuen etenik. Hil ostean erantzukizun politikoa egotzita isuna ezarri zioten Gregorio Begiristaini, Errioxan fusilatu ostean gauza bera egin zuten Nicolas Doladorekin. 

Errepresio frankista, hil eta gero ere

Loading player...
Erantzukizun politikoa egotzita hainbat herritarren aurkako espedienteen berri jasotzen zuen aldizkari ofiziala
Erantzukizun politikoa egotzita hainbat herritarren aurkako espedienteen berri jasotzen zuen aldizkari ofiziala (BOE)

Frankismoaren errepresioaren baitan bada oraindik nahiko ezezaguna den praktika bat: jada hilda zeuden pertsonen aurkako prozedura judizialak abiatzea edo aurrera eramatea. Lehen begiratuan kontraesankorra dirudien arren, diktaduraren testuinguruan heriotzak ez zuen beti espediente baten tramitazioa eteten. Are gehiago, zenbait kasutan, pertsona hilda egon arren, zigor ekonomikoak ezartzen ziren.

Horrelakoetan, zigorraren ondorioak ez ziren jada akusatuaren gain erortzen, baizik eta haren familiaren, ondasunen eta memoriaren gain. Hildakoa ezin zen defendatu, ezin zuen deklaratu, eta ezin zuen ezarritako zigorra bere kabuz bete. Baina haren izenean irekitako espedienteak aurrera jarrai zezakeen, eta ondorioak senideek pairatzen zituzten.

1936ko estatu-kolpearen aurretik jarduera politikoa izan zuten pertsonak epaitu eta zigortzeko baliatu zuten Erantzukizun Politikoen Legea

Praktika hau bereziki nabarmena izan zen errepresio ekonomikoaren esparruan. Adibiderik esanguratsuena Erantzukizun Politikoen Auzitegia izan zen. Auzitegi hori 1939an indarrean sartu zen Erantzukizun Politikoen Legearen eskutik. Lege horren bidez, Errepublikaren garaian edo 1936ko estatu-kolpearen aurretik jarduera politikoa izan zuten pertsonak epaitu eta zigortzeko aukera zabaldu zen. Zigorrak askotarikoak izan zitezkeen: isunak, lanerako desgaikuntzak, ondasunen bahiketak edo herritik, eskualdetik nahiz probintziatik kanporatzeak.

Legeak berak jasotzen zuen pertsona bat hilda egon arren erantzukizun politikoa ezar zitekeela. Erantzukizun Politikoen Legearen 15. artikuluaren arabera, ustezko erantzulea prozedura hasi aurretik edo izapidetzen ari zen bitartean hiltzen bazen ere, erantzukizun ekonomikoak haren ondasunen kontura gauzatu zitezkeen, eta oinordekoei transmititu. Hau da, heriotzak ez zuen erregimenak egotzitako erantzukizun politikoa ezabatzen.

Gregorio Beguiristain Pildain

Praktika honen adibideetako bat Gregorio Beguiristain Pildainena da. Gregorio Ikaztegietan jaioa zen, eta bertan bizi zen Severiana Ramona Ugartemendia emaztearekin eta zortzi seme-alabekin: Antonio, Maria, Ramon, Miren Itziar, Miren Garbiñe, Jose Gregorio, Luis eta Esteban.

Errepublikaren garaian, Gregorio Ikaztegietako zinegotzia izan zen, EAJren ordezkari gisa. Jarduera politiko hori nahikoa izan zen agintari frankisten jomugan jartzeko. Frankistek herria hartu zutenean, 4.000 pezetako isuna ezarri zioten bere jardun politikoagatik. Horrez gain, dokumentazio frankistaren arabera, beste 300 pezeta eman zituen «dohaintza» gisa. Garai hartako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, kopuru horiek zama ikaragarria ziren familia batentzat.

Sententzian bertan aitortzen zen Gregorio hilda zegoela. Hala ere, Auzitegiak erantzukizun politikoa egotzi zien auzipetuei eta Estatuari kalte-ordain gisa diru kopuru bat ordaintzera kondenatu zituen

Gregorio 1941eko urriaren 1ean hil zen. Heriotza-aktan hemorragia zerebrala ageri da heriotzaren kausa gisa. Hala ere, herriko eta familiako memorian jaso izan da «disgustoz» hil zela. Esamolde horrek ondo erakusten du errepresioak eragin zezakeen sufrimendu emozionala eta materiala. Hil eta hurrengo egunean 1941eko urriaren 2an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Gregorio Beguiristain ikertua izaten ari zela Erantzukizun Politikoen Auzitegiaren 2.353 espedientean, Jose Antonio Eizmendirekin batera.

Sententzian bertan aitortzen zen Gregorio hilda zegoela. Hala ere, horrek ez zuen auzia gelditu. Auzitegiak erantzukizun politikoa egotzi zien auzipetuei, eta Estatuari kalte-ordain gisa diru kopuru bat ordaintzera kondenatu zituen. Kasu honetan, gainera, indarkeria sinbolikoaren beste adibide bat ere ikus daiteke. Heriotza-aktan, Gregorioren alaben euskal izenak gaztelaniara egokituta ageri dira: Miren Itziar, Maria Iciar gisa; eta Miren Garbiñe, Maria Purificación gisa.

Nicolas Dolado de Francisco

Marceliana Andia Perezen olaberritarraren osaba zen Nicolas Dolado de Francisco eta Zaragozako Litago herrian irakaslea zen. Ezkonduta zegoen Rosa Andiarekin, eta bi seme-alaba zituen. Ideologikoki, ezkertiarra zen. 1936ko azaroaren 1ean, inolako epaiketarik gabe fusilatu zuten Alfaron, Errioxan. Hala ere, haren heriotzak ez zuen eragotzi bere aurkako prozedura abiatzea. 1937ko maiatzaren 21ean, Zaragozako Probintziako Aldizkari Ofizialak haren aurkako erantzukizun zibileko espedientea iragarri zuen. Hilabete batzuk geroago, abuztuaren 18an, Nicolas Konfiskazioen Batzorde Probintzialean deklaratzera deitua izan zen, nahiz eta oharrean haren egonlekua ezezaguna zela adierazi. Nicolas, jakina, ez zen agertu. Baina prozedurak aurrera jarraitu zuen. 1937ko azaroan, haren ondasun higigarri eta higiezinak bahitzeko agindua eman zen.

 Rosa Andiaren eskari gutuna (AHPZ)
Rosa Andiaren eskari gutuna (AHPZ)

Hilabete luzez, dokumentazio ofizialean Nicolas desagertuta edo egonleku ezezagunean zegoela adierazi zen. Epaiketan birritan soilik aipatzen da Nicolasen egoera erreala, bata, Rosa Andia emazteak deklaratu zuenean, senarra Alfaron fusilatu zutela adierazi zuela, eta bestea Vera de Moncayoko Guardia Zibilaren txosten batean jaso zen, «zurrumurru publikoaren arabera» Nicolas «ezabatua» izan zela Mugimendu Nazionalaren garaipenaren aldekoa ez zelako.

Nicolasi 500 pezetako isuna ezarri zioten. Isun hori ordaindu bitartean, haren ondasunak bahituta jarraitu zuten. Rosa Andiak aldarrikatu zuen Litagon kendu zioten etxea bere jabetzakoa zela, eta konfiskatutako ondasunen ardura zuen Batzordeko presidenteari idatzi zion. Gutunean azaldu zuen ez zuela senarrari ezarritako isuna ordaintzeko aukerarik, ez baitzuen baliabiderik bere burua eta bi seme-alaba txikiak mantentzeko. Isuna barkatzeko eskatu zuen, eta babes zein laguntza eskatu zituen familia aurrera ateratzeko.

1941eko hasieran, senarra fusilatu eta lau urte baino gehiago igaro ondoren, Rosak Zaragozan ordaindu zituen Nicolasen aurkako isuna eta prozesu-kostuak: guztira, 650 pezeta. Egun horretan bertan, bahiturak bertan behera geratu ziren. Hilabete batzuk geroago, Nicolas bere ondasunen erabilera askea berreskuratu zuten pertsonen zerrenda batean sartu zuten.

Hildakoak epaitzea, bizirik daudenak zigortzeko

Gregorio Beguiristain Pildainen eta Nicolas Dolado de Franciscoren kasuek argi erakusten dute hildakoak epaitzea ez zela pasadizo bitxi edo isolatu bat izan. Frankismoaren logika errepresiboaren parte izan zen, batez ere zigor ekonomikoak tartean zeudenean.

Pertsona hilda egon arren, auzitegiarentzat espedienteak erabilgarri izaten jarraitzen zuen. Horregatik, heriotzak ez zuen prozedura eteten. Aitzitik, askotan, zigorra senideengana bideratzen zen zuzenean. Kasu horietan, ondorioak alargunek, seme-alabek eta oinordekoek jasaten zituzten. Sarritan emakumeak izan ziren senar fusilatuen edo hildakoen izenean ezarritako isunei, bahiturei eta prozesu-kostuei aurre egin behar izan zietenak. Beraz, hildakoak epaitzea, azken batean, bizirik zeudenak zigortzeko modu bat izan zen, errepresioa luzatzeko tresna bat.

Jaurlaritza Logoa