En directo

Bigarren Kafea

«Dantza gure herriaren alde egiteko beste modu bat zen»

Argia dantza taldearen 60 urteko ibilbidea eta euskal kulturan izandako eragina bildu ditu San Telmo Museoko 'Argiaren itzala' erakusketak.

60ko hamarkada. Diktadura betea. Arlo askotan iluntasun garaia, baina beste hainbatetan argia ikusi zela esan genezake. Debeku eta egoera gogor horietan, euskal kulturak indarra erakutsi zuen eta musikan Ez Dok Amairu mugimendua sortu zen bezalaxe, askok dantzan ere halakoa gertatu zela diote, Argia dantza taldea sortu baitzen. Iluntasunean argia gailendu zen.

1964 urtea zen, eta Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz izan ziren taldearen gidari. Urbeltzek dioenez, Euskal Herrian folklore dantza taldeen historia bitan banatzen da: Argia taldea baino lehen eta Argia taldearen ondoren. Ekarpen izugarria egin du taldeak 60 urte hauetan guztietan, eta horren erakusgarri da San Telmon ekainaren 21era arte ikusgai egongo den 'Argiaren itzala' erakusketa. Erakusketaren prestaketa prozesuan bertan ere, taldearen ibilbideak utzitako arrastoaz eta hutsuneez ohartu direla azaldu digu Mikel Urbeltzek: «Transmisio hutsune bat ikusten genuen, bai kanpokoekiko eta baita barnekoekiko ere». 

Museoa bera ere taldearen hasierako urte haietan etxe izan zuten, laborategi gisa bertan ikertu eta entseatzeko aukera eman baitzien. Bertara, Oteiza, Ez Dok Amairu- ko kideak edota garaiko kultur munduko jendea bertaratu zen. Garai hartako mugimendu kulturala ulertzeko testuingurua ezinbestekoa dela nabarmendu du Ane Albisuk: «Pizkundean baserria da protagonista, baina 60ko hamarkadan hiriak dauka protagonismoa, eta, gainera, gazteek».

Luze eta zabal aritu gara erakusketaz eta historiaz Mikel Urbeltz, Ane Albisu eta eta Frantxi Lopezekin Bigarren Kafean. 

Jaurlaritza Logoa