En directo

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevista
Maitane Etxeberria
Bera Berako kapitaina

«Imanol Alvarezi merezi duen agurra eman nahi diogu»

Etxean eta bere zaleen aurrean jokatuko du Bera Berak Kopa asteburu honetan. Lehen erronka Aula Valladolid izango da, eta Maitane Etxeberria kapitainak azaldu du taldea «gogotsu» dagoela «Imanol Alvarezi merezi duen agurra emateko».

«Imanol Alvarezi merezi duen agurra eman nahi diogu»

Loading player...
Maitane Etxeberria Bera Berako kapitaina.
Maitane Etxeberria Bera Berako kapitaina. (Jon URBE | FOKU)

Donostiak emakumezkoen eskubaloi Kopako txapelketa hartuko du ostiraletik igandera. Bertan izango dira Bera Bera eta Beti Onak, iazko bi finalistak eta euskal ordezkariak. Biek etxetik gertu jokatuko duten arren, bereziki Bera Berak sentituko du etxeko beroa.

Egungo txapeldunek titulua berriz defendatzea izango dute helburu, Imanol Alvarezi merezi duen agurra emateko. Hala azaldu du NAIZ Irratian Maitane Etxeberria kapitainak ere. Lehen aurkaria Aula Valladolid izango da, entrenatzaile aldaketa egin berri duen taldea.

Ligan finalerdietarako txartela eskuratuta duzuela, Kopa ate-joka datorkizue. Egun bereziak datoz zuentzat?

Hori da, bai. Larunbatean jokatu genuen Grafometal La Riojaren kontra eta orain parentesi txiki bat egitea dagokigu Kopagatik, eta gogo handiz gaude.

Kopa Donostian jokatuko delako, taldea gogotsu izango da?

Bai, ilusio handiarekin eta gogoz beteta gaude. Eta noski, Kopa etxean geratu dadin gogotsu ere bagaude.

Hainbat faktorerengatik berezia izango da: etxean jokatuko duzuelako batetik, Imanol Alvarezen azken Kopa garaikurra izan daitekeelako Bera Bera zuzentzen. Zuk ere, Anne Erauskinekin batera, kapitain gisa lortuko zenuke Kopa. Badira hor hainbat faktore.

Horrela da, bai. Gehienbat etxean gaudenez, jende guztia gurekin egongo delako motibazio handia dugu eta disfrutatzeko gogotsu gaude ere, bai Imanolengatik eta baita gugatik ere.

Taldeak Esther Arrojeria edo Alba Menendez bezalako kapitain eta erreferenteren baja garrantzitsuak izan zituen. Orain lekukoa Anne Erauskinek eta zuk zeuk hartu duzue eta taldeak garaikurren lehian jarraitzen du. Beraz, taldea lanak ongi egiten ari denaren seinale da.

Hori da, bai. Taldea pixka bat aldatu da, baja garrantzitsuak daude aurten, baina pixkanaka gure lana egiten joan gara eta honaino iritsi gara. Nik uste dut momentu hauetan oso ongi gaudela. Beraz, horregatik disfrutatzeko gogoz gaude, esan bezala.

Zure kasuan, hasieratik izan dituzu bidelagun Esther [Arrojeria] eta Alba [Menendez]; haien debutak ez ziren zure debuta baino askoz aurreragokoak izango.

Bai, pixka bat arraro egingo zait beraiek ez egotea, azken baten nire ibilbide osoa haiekin egin dut (irribarrez). Baina horrek ez dit gogorik kentzen. Beraiek ere segur aski harmailetan egongo dira eta, beraz, beste alde batetik bada ere, hortxe jarraituko dute.

Esan bezala, iaztik hona taldea zertxobait aldatu da jende berria iritsi delako, baina guztia irabazteko borrokan jarraitzen duzue. Ez dakit denboraldi hasieran aldaketa hauen harira kezka txikiren bat ba ote zenuten.

Bai, azkenean baja garrantzitsuak izan zirelako. Bereziki Alba eta Esther bezalako bi erreferenterenak, eta horrek aurtengorako zer pasako ote zen zalantza batzuk sortzen zizkigun. Baina esan bezala, etorri diren horiek oso gogotsu etorri dira, baita hemen geratu garenak ere, eta azkenean denboraldia ondo ari da joaten.

Bajak aipatu ditugula, Somaza eta Tchaptchet ere ez dira Kopa jokatzeko moduan izango. Hutsune garrantzitsuak dira?

Bai, oso baja inportanteak dira, baina beste alde batetik laguntzen ere izango dira. Gainera, nik uste jokatzeko moduan gaudenak prest gaudela lehiarako, eta espero dut gauzak ongi joatea.

Lehenengo aurkaria final-laurdenetan Aula Valladolid izango da. Duela ez asko jokatu zenuten elkarren aurka eta nahiko garbi nagusitu zineten. Lehenengo itzulian, berriz, are garbiago. Badirudi neurria hartua diezuela. Antzeko partida bat espero duzu?

Tira, beti esaten dugu Ligarengandik ezberdina dela Kopa. Ondorioz, ezin gara fidatu. Ona da, bai, duela gutxi beraien aurka jokatu izana, orduan egin genituen akatsak ikusteko eta hobetzen joateko. Nolanahi ere, kontzentraturik atera beharko dugu.

Ligan ere finalerdietan zaudete Grafometal La Rioja mendean hartuta. Fase Erregularra lehenengo postuan amaitu zenuten, denboraldia ezin hobeto amaitzeko aukera hortxe dago, beste «koroa hirukoitz» batekin. Momentuz, ezin zaio gehiago eskatu denboraldiari, ezta?

Hala da, baina lanean jarraitu behar dugu, hala ere. Orain datorkiguna ez da erraza inondik ere. Dena ere zaila egingo zaigu, baina bide onetik goaz.

Izan zenuten momentu kritiko bat urtarrila inguruan, ez oso luzea zorionez, hiru partida jarraian galduta. Zalantzarik sortu zitzaizuen edo nola kudeatu zenuten momentu hori?

Tira, azkenean denboraldia oso luzea da eta ezin da dena irabazi. Egia da, bai, beherakada txiki bat izan genuela, baina nik uste taldea elkartuta mantendu zela, elkartuta eutsi genion gure artean, eta horrek eraman gaitu berriro ongi egotera.

Beraz, une txar horietan ere taldeak koherentzia mantendu zuen?

Hori da, hain zuzen ere!

Aipatu dugu Imanol Alvarezen agurra ere gertu dela, bere azken denboraldia baita Bera Bera zuzentzen. Gauza handiak lortu ditu Imanolek taldearekin, eta zu ere lorpen handi hauetan izan zara. Ez dakit nola hartu zenuten berak ez jarraitzearen albistea eta, bestetik, pentsatzen dut, taldeak merezi duen agurra eman nahiko diola: posible bada Kopa eta Liga irabazita.

Hori da. Nik uste hasi nintzenetik bera –Imanol Alvarez– egon dela hemen. Egia da aldaketa batzuk izan zirela, baina azken zortzi urteak edo berak daramatza hemen. Egia da kluba oso ongi ezagutzen duela, orain arte eduki dituen taldeak oso ongi eraman dituela eta garaipen asko lortu dituela.

Ez genuen bere irteera hau espero; bagenekien noizbait joango zela taldetik, baina ez genuen orain izango zenik espero, eta nik uste egin dakiokeen oparirik onena Koparekin eta Ligarekin joatea dela.

Usaindu ere ez al zenuten egiten?

Ez, ez! (Irribarrez)

Zuk zeuk berarekin egin zenuen debuta, oker ez banago, 2013an Reyes Carrereren lekukoa hartu eta gero. Baina Imanol [Alvarez] zuretzat zer den galdetu nahiko nizuke, eta taldeari zer eman dion zure ustez.

(Irribarrea) Bai, debuta berarekin egin nuen. Hasieratik nigan konfiantza erabatekoa izan duela uste dut, nahiz eta oso gaztea nintzen sartu nintzenean. Konfiantza eman dit hasieratik.  Bestalde, urte hauetan jende asko pasa da hemendik eta ikusi besterik ez dago jendea nola atera den eta baita jendeak hona etorri nahi duela. Horrek gauzak ondo egin dituela adierazten du.

Zuk zeuk 2013an debuta eginda, urte mordoa daramatzazu Bera Beran: aktibo zaudetenen artean denboraldi gehien daramatzan jokalaria zara. Bizipen asko izan dituzu eta orain gainera kapitaina zara. Egungo gizartean geratu eta hausnartzeko denborarik ez da izaten ia, baina debutatu zenuen egun hartara begiratu eta ordutik hona bizi izan duzun guztiari begira, zein hausnarketa datorkizu burura, berdin alor pertsonalean zein taldeari begira?

Hamalau urte daramatzat eta azkar esaten dira, baina pentsatzen jarrita, urte asko dira. Bizipen asko egin ditut hemen. Azken batean, nire bizitza osoa pasa dut Bera Beran eta eskubaloian (irribarrez). Batez ere elkarlanean ezagutu ditudan taldekideekin geratzen naiz; horrek ez du preziorik.

Mundua oso azkar doa, bestalde, eta ez du ezta pentsatzen jartzeko ere denborarik ematen, baina tartetxo hauetan, honi buruz pentsatzen jartzen zarenean, nik inoiz ez nukeen pentsatuko honaino iritsiko nintzatekeenik, are gutxiago kapitain izatera iritsiko nintzenik. Bat batean egoera honetan aurkitzen naiz eta, noski ohore bat dela, baina baita erantzukizuna ere. Baina pozik nago, honaino iristeko lan egin dudanaren seinale baita, gauzak hobeto edo okerrago atera.

Oraindik 28 urte dituzu. Pentsatzen dut zure burutik ez dela pasa ere egingo erretiroa hartzerik?

Oraindik ez behintzat! Gorputzak eusten didan bitartean, nik uste urtetxo batzuk gehiago iraungo dudala oraindik ere. Azken batean, hemen etxean eta oso gustura nago.

Jaurlaritza Logoa