En directo

NAIZ Irratia

Trebiñu Egunaren bitartez Araban integratzeko pausoak ematen

28 urteko etenaren ostean, hilabete honetan Trebiñu Eguna ospatu dute, Barrendegiaren aldeko jardunaldia. Jaialdia bai, baina izaera aldarrikatzailea duen ekimena izan da ere. Helburua eskualdeari ikusgarritasuna eman eta enklabea Arabaren baitan hartzea da.

Trebiñu Egunaren bitartez Araban integratzeko pausoak ematen

Loading player...
Argantzunen ospatutako Trebiñu Eguna
Argantzunen ospatutako Trebiñu Eguna (Jaizki Fontaneda | FOKU)

28 urte ospatu gabe igaro ostean, apirilaren 18an Argantzonek Trebiñu eguna hartu zuen berriro. Trebiñu Arabaren parte izateko beharra aldarrikatu eta enklabearen egoerari ikusgarritasuna ematea izan da jai egun honen helburua. Azoka, herri kirolen emanaldia, bertso saioa, musika emanaldiak, esku pilota partidak eta haurrentzako jarduerak izan ziren, besteak beste.

Egunaren nondik norakoak eta Trebiñu Araban integratzeko prozesuaren berri emateko NAIZ Irratian izan ziren joan den asteazkenean Igone Zubizarreta, Argantzon Ikastolako zuzendaritzako kidea eta irakaslea eta Pablo Ortiz de Latierro EH Bilduko kidea eta Argantzoneko alkate ohia.

Ia hiru hamarkadako geldialdiaren ondoren, apiril honetan ospatu dute Argantzonen eskualdearen aldeko eguna. Igone Zubizarretak azaldu zuenez, egun hori biziberritzeko ekimena herriko ikastolan abiatu zen, hain zuzen: «Ikastolan irakasle talde bat geunden zerbait antolatu nahian, eta herriko hainbat bizilagun eta elkarterekin harremanetan jarri ginen, eta hortik atera zen dena; guk hasieran ideia bat genuen, baina mahai gainean jarri zen Trebiñu Eguna berpiztearen ideia, eta horrekin aurrera egin dugu».

Azaldu zuenez, administratiboki Arabaren parte ez izateagatik «egunerokoan ditugun trabei ikusgarritasuna» eman nahi izan diete. «Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu historikoa den borroka honen zergatiak aldarrikatzea», gaineratu zuen.

Ikastola duela 22 urte sortu zen, Igone Zubizarretak gogora ekarri zuenez, eta une horretan euskaraz ikasteko aukera bakarra eskaintzen zuen enklabe osoan. Gaur egun euskal curriculuma dute ardatz eskoletan eta, gainera, Armentiako Bentetako haur eskolako umeek ere euskaraz ikasteko aukera dute. Hala ere, «bereziki familiek» izaten dituzten «trabak» deitoratu zituen irakasleak. Esan zuenez, «erroldaren arabera irizpide batzuk edo beste batzuk markatzen direlako».

Bai Argantzoneko alkate ohiak bai ikastolako irakasleak aspalditik datorren arazo bat dela gaineratu dute, eta herritarren borondatea errespetatzea eskatu dute, behingoz Trebiñu ofizialki Arabaren parte izan dadin.

Hori dela eta, apirilaren 18ko jardunaldia ospakizun eguna izan zen, baina, era berean, enklabeak bizi duen mendekotasun egoera salatzeko eguna ere bai. Trebiñuko eskualdeak bizi duen ziurgabetasun eta ezegonkortasun egoera ikusarazteko baliatu nahi izan dute.

Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkate izandakoak elkarrizketan azaldu zuenez, Trebiñu Araban integratzeko helburuarekin sortutako integrazio mahaiaren esparruan «lanean» ari dira. Gaztela eta Leongo erakundeekin oraindik harremanetan ez dauden arren, Burgosekin lehen elkarrizketak abiatu dituztela azaldu zuen, izan ere, hori delako mahaiko kideen asmoa: erakunde eskudun guztiekin elkarrizketak izatea. Horrez gainera, mahaia osatzen duten lau alderdien artean dagoen harremana ona dela argi utzi zuen.

«Aspaldiko arazoa»

Pablo Ortiz de Latierrok gogora ekarri zuenez, Trebiñu Arabaren parte izateko lehenengo saiakera duela 500 urte egin zen. Horrenbestez, «arazoa aspalditik dator» baina «oraindik jarraitzen dugu» aldarrikatzen. Bere ustez, erakundeek «gaia mahai gainean jarri behar dute eta irtenbide bat eman».

Igone Zubizarreta ados dago EH Bilduko alkate ohiarekin. Irakaslearen aburuz, «aspalditik datorren borroka bat da» eta, horren aurrean, «herriak zer nahi duen entzun behar da, eta praktikotasun batera jo beharko genuke».

«Ea behingoz Trebiñu Araba den» adieraziz laburbildu zuen antolatzaileen nahia NAIZ Irratiko uhinetan emandako elkarrizketan.

Jaurlaritza Logoa