En directo

Ekologistak Martxan plataformak egindako ikerketa batek agerian utzi du EAEko eskola askoren inguruan kutsadura mailak altuegiak direla. Taldeak aztertutako 78 hezkuntza zentroetatik hiruk bakarrik betetzen dituzte Munduko Osasun Erakundeak ezarritako aire kalitate irizpideak, eta egoera «kezkagarritzat» jo dute.
Kepa Olaiz Ekologistak Martxan plataformako kideak azaldu duenez, datuak ez dira berriak, azken urteotan joera bera errepikatu baita. Are gehiago, «kasu askotan indarrean dagoen legedia bera ere ez da betetzen». Gainera, Europatik datorren zuzentarauak 2030erako muga are zorrotzagoak ezarriko ditu, eta horrek «erronka handiagoa» ekarriko duela ohartarazi du.
Kutsaduraren jatorri nagusia «trafiko motorduna» dela nabarmendu du Olaizek, batez ere hiri-inguruneetan. Auto partikularrek eta erregai fosilak erabiltzen dituzten garraio-bideek sortzen dute nitrogeno dioxido gehiena, nahiz eta industriak ere bere ekarpena egin dezakeen.
Egoera honek eragin zuzena du haurren osasunean. Ekologistak Martxan-ek ohartarazi du «kutsadurak arnas aparatuan kalteak» eragin ditzakeela, hala nola asma, bronkitisa edo alergiak, eta baita bihotzeko arazoekin ere lotura izan dezakeela epe luzera. Gainera, haurrek jarduera fisiko handiagoa dutenez, kutsadura gehiago arnasten dute eta arriskua areagotzen da.
Horren aurrean, talde ekologistak neurri zehatzak eskatu ditu: emisio baxuko eremuak ezartzea eskolen inguruan, autoen presentzia murriztea eta mugikortasun jasangarria sustatzea, oinezkoen eta bizikleten alde eginez eta garraio publikoa indartuz.
Bestalde, ikerketak herritarren inplikazioa ere bilatzen duela azaldu du Olaizek. «Herritarren zientzia» deituriko metodologiaren bidez, ikasleek eurek parte hartzen dute neurketetan, eta horrek «kontzientziazioa handitzen laguntzen du hezkuntza komunitate osoan».
Azkenik, kokapenak duen garrantzia azpimarratu du. «Trafiko handiko guneetan kutsadura pilatu» egiten dela azaldu du, Donostiako edo Bilboko zenbait puntutan ikus daitekeen bezala. Aldiz, Oiartzunen bezalako eremu irekiago eta berdeagoetan, datuak nabarmen hobeak direla adierazi du.
Ekologistak Martxan plataformak instituzioei dei egin die neurri eraginkorrak lehenbailehen har ditzaten, eskolak benetako babesgune bihurtzeko eta haurren osasuna bermatzeko.



