En directo
Juantxo taberna Donostiako Alde Zaharreko toki kuttun horietako bat da. Askok bertako patata tortilla oso gustuko dute eta horregatik gogoratzen dute taberna. Beste batzuek, berriz, lehen hitza beti euskaraz delako gogoratzen dute, euskarak balio handia baitu tabernan. 24. Korrikan ere parte hartu; hamalaugarren edizioa da aurtengoa Juantxokoek testigua hartzen dutena. Horren harira, Donostiara gerturatu gara Bigarren Kafeko kideok Xabi Agirre Juantxoko nagusiarekin hitz egiteko.
Euskara da, besteak beste, taberna honen ezaugarrietako bat. Juantxoko hormetan irakur daiteke lelo aski ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik». Eta honako hau ere bai: «Jakingo bazenu zein polita den zu euskaraz entzutea». Xabi Agirrek euskaraz egitea apustu kultural eta politiko bat dela dio, norberak egin behar duena. Agirrek apustu hori egitea beharrezkoa dela pentsatzen du: «Juantxoren nortasunaren parte da euskara. Juantxo ezin daiteke ulertu euskararik gabe».
Xabi Agirrek dioenez, bezeroak askotan lehen hitza euskaraz egiten saiatzen dira: «Gaztetxoek badakite Juantxora etorrita saiakera hori egin behar dutela, eta nabaritzen da». Hamabi urte daramatza barraren beste aldean lanean eta, hasi zenetik, euskarazko elkarrizketa hori mantentzeko jende gehiago dela gai ikusi du, joera nabarmena izanik. Hala ere, ez daki tabernatik kanpo zein den pertsona horiek hartzen duten jarrera: «Gaztelania euskara jaten ari da espazio askotan. Nahikoa da hamarretik batek edo bik euskaraz ez jakitea gainontzeko zortziak gaztelerara pasatzeko».


