En directo

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Entrevista
Oier Bidaurratzaga
Tubos Reunidoseko LABeko ordezkaria

«Asanblea hasi aurretik jakinarazi zieten altzairutegiko langilei EEEaren zerrendan daudela»

Oier Bidaurratzaga LAB sindikatuko ordezkaria da Amurrioko Tubos Reunidosen. NAIZ Irratian izan da asteazken honetan eta bertan zuzendaritzaren jarrera salatu du. Izan ere, astearteko asanblea hasi aurretik jakinarazi zieten altzairutegiko langilei EEEaren zerrendan daudela.

Oier Bidaurratzaga, Tubos Reunidoseko LABeko ordezkaria

Loading player...
Langileen batzarra Amurrioko Tubos Reunidosen, asteartean.
Langileen batzarra Amurrioko Tubos Reunidosen, asteartean. (FOKU)

Zer moduz dago lantaldea?

Atzoko jokaldia oso zikina izan zen zuzendaritzaren aldetik. Asanblada hasi aurretik, ordu erdi lehenago, jakinarazi zieten altzairutegiko langileei eurak izango zirela zerrenda horretan daudenak. Zuzendaritzak bere helburua lortu zuen, asanbladari buelta eman zioten eta kristoak izan genituen gure artean. Baina bueno, azkenean bideratu genituen.

Gaur bertan Frantzia Intsumituko Asanblea Nazionaleko hautetsi batek aldarrikatu du Arcelor Mittal nazionalizatu egin behar dela. Adierazi duenez, enpresa honek Dunkerken duen fabrikaren arazoa da ikatza erabiltzen duela oraindik, eta aipatu du etorkizunera begira, deskarbonizazioaren bidean, elektrifikazioa sustatu behar dela. Tubos Reunidoseko altzairutegian arku elektrikoa erabiltzen da altzairua urtu ahal izateko. Enpresaren helburua deskarbonizazioa baldin bada, altzairutegiak ez luke egon beharko jomugan edo zalantzan? 

Hori da, bai. Eurek aitzakiak jartzen dituzte, enpresak duen zorra eta Trumpek jarritako muga-zergak. Baina deskarbonizazioaren inguruan lan bat egiten ari gara, eta printzipioz, euren marketing handiena da, Tubo O-next deitzen dioten hori, non zero emisioko tutuak diren. Arku elektrikoko labea daukagu, baina amatatu egin nahi dute. Eta badakigu, labe hori barik, Tubosek ezin duela funtzionatu.

Hemen kalitate ezberdinak dituzten tutuak egiten dira, eta makinak eta kalitateak aldatzen dira egun batetik bestera, eskariak horrela eskatzen duelako. Eta inork ez dizkigu egingo behar dugun kalitatezteko tutuak biharko. Zein bideragarritasunizango du lantegiak altzairutegi barik? Ezinezkoa da.

Altzairutegi gabe enpresak zer sortuko du? Bestelako moldetara dibertsifikatuko da, akaso?

Printzipioz ez, printzipioz egin beharko duguna da erosi, bai palankia, bai lingotea. Eta ea zein epeetan ekartzen dituzten.

Aipatu dira enpresak dituen galerak. Tubos Reunidosek egoerari aurre egin ahalko lioke kaleratzerik gabe?

Ekonomikoki ez naiz sartuko, ez dakit zorrarekin zerikusia duten kaleratzeek. Badakit kristoren pototxoa daukatela, bere garaian, 2008an, 170 milioi jaso zituztelako, eta zorra 170 milio hazi zen. Gero covidaren garaian ere arazoak izan zituzten eta SEPIri eskatutako mailegua jaso zuten, eta hori ez dute bueltatu. Eta bueltatzen ez duzunean, etxean bezala, zorrak handitzen dira. Eta hor kristoren arazoa daukate. Orain horri buelta osoa eman nahi diote, langileek ordaintzea egindakoa. Ez dugu onartuko.

Enpresaren zorraren zati handi bat SEPIri dagokiolarik, eskatuko duzue hau barkatzea? Bestelako aukerarik egon daiteke?

Haiei galdetu beharko zenieke. Eurek eskatu dute, eta eurek kudeatu beharko dute. Gu ez gara sartuko horretan, gu ez garelako horren erantzule. Guk ez dugu aukerarik erabakitzeko Estatu Batuetan saldu behar dela, ezta maileguak eskatzeko ere. Langileak ez gara horren erantzule. Eta guk ez diogu SEPIri ezer eskatuko. Eskatuko diogu auditoria guztien informazioa, ikusteko zergatik handitu den SEPIren zorra. Printzipioz, hilabetero auditore bat etortzen zen begiratzera ea zelan egiten ari ziren gauzak, eta horren aktak eskatuko ditugu. SEPIri informazioa bakarrik eskatuko diogu.

Zorraren eta arazo honen dimentsioaren berri nola izan duzue? Hau da, auditoria horien berri izaten zenuten?

Ez. Zorraren datuak ematen zizkiguten baino auditoriarenak ez. Auditatzen ari zirela bai, baina besterik ez.

Pradales lehendakariak babesa adierazi die enpresari eta bertako beharginei. Zer eskatuko zenioke euskal Administrazioari? 

Momentuz, informazioa. Abenduan planteatu genituen batzordean bilera batzuk bai Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiekin entzuten genuelako instituzio foral batzuetan hitz egiten ari zirela Tubos Reunidosi buruz. Batzordean planteatu genuen eta bilera horiek eskatzea adostu genuen. Urtarrilean ez genuen erantzunik jaso, eta berriro eskatu genituen. Mesedez eskatu genuen erantzuteko, baiezkoa edo ezezkoa, baina erantzuteko. Galdetu nahi genien zergatik hitz egiten ari ziren Tubos Reunidosi buruz, ea zer zekiten, ez genekielako zer gertatzen ari zen eta eskarien jaitsiera nabarmena zelako. Zuk saldu nahi baduzu Estatu Batuetan, eta arrautza guztiak jartzen badituzu saski berean, zer gertatzen da saskia apurtzen bada? Tortilla elegantea egiten duzula, eta hori da gertatu dena.

Orain Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei informazioa eskatuko diegu, ea zer dakiten. Dena den, guk uste dugu guztia hitz eginda dagoela. Orain antzerkia egiten ari dira komunikabideetan, baina guztia hitz eginda dago. Eta suposatzen dut eskatuko dutela, esan duten moduan, SEPIk ordaintzea guztia. Hau da, guztiok ordaintzea.

Aurrekusita zegoen kaleratzeak egongo zirela?

Ez. Otsailaren 28ra arte ERTE batean gaude, eta guk sumatzen genuen ERTE horren luzapena egongo zela, edo besteren bat ezarriko zela, gogorragoa. Baina EEE bat ez, kaleratzeak nahiko larriak direlako. Ez genuen horrelakorik espero, ezta altzairutegia ixtearena. Desastre bat izan da.

Soluzio bat izan daiteke Eusko Jaurlaritzak edota bestelako administrazio publikoren batek enpresan parte hartzea, Talgorekin egin duten moduan?

Bai, izan daiteke, kudeaketa ona bat egiten badute.

Lanuzteak eta greba egunak deitu dira, zer espero duzue ondorengo egunetarako?

Bilatzen duguna da guztiok batera egotea. Printzipioz planteatu dugu langileei kalte gutxien eta ekoizpenari min handien egiten dion sistema. Izan ere, guk daukagun ekoizpen sistema nahiko aproposa da ordukako lanuzteak egiteko. Labeetan beroa mantendu behar da eta enpresak pentsatu egin beharko du zer egin.

Jaurlaritza Logoa