En directo
Batzuek oraindik ere mantentzen dutenaren aurka, inguratzen duen gizartearen aniztasunari egokitzeko gai dela erakutsi du bertsolaritzak azken urteetan. Donostian badakite hori, eta azken urteetan bertso saio kopuruan behintzat izandako beherakadari erantzun nahi izan diote Bilintxi-Balantxa Bertsolaritza Elkartean, Donostiako Udalaren babesarekin. Datorren asteburuan euskal herritar askoren jai kuttunetako bat izango dute makulu, jendea bertsolaritzara erakartzeko. Ostiral mehea (hilak 13) aukeratu baitute Inauteriko Bertso Saioa egiteko, ezohiko plaza eder batean. «Saio berezi bat antolatu nahi genuen Antzoki Zaharrean eta mozorroen aitzakian», azaldu dio NAIZ Irratiari Andoitz Urdapilleta Bilintxi-Balantxa elkarteko kideak.
Jai giroan garatuko den saioa izango da, baina maila handikoa; Alaia Martin, Jon Maia, Miren Artetxe eta Andoni Egaña izango baitira oholtzara igoko direnak, 19:30etatik aurrera. Sarrerak eskuragarri daude jada, Antzoki Zaharreko leihatiletan, doan. Modu honetan, «jendea erakartzeko aukera garbiagoa da», Urdapilletaren arabera, bertsozaleak soilik ez, publiko berria erakartzea baita euren helburuetako bat.



