En directo
«Atzelari lanetan duda asko sortzen zaizkit, baina ez naiz hartutako erabakiaz damutzen»
Hamaika gudatan izandakoa da Joseba Ezkurdia (Arbizu, 1991). Aurten, urteko txapelketarik luzeenean beste erronka handi bat jarri dio bere buruari: aurrelari postutik atzelari izatera pasa da. Esperimentuak gorabeherak izan ditu, baina Altuna III.a-Ezkurdia bikoteak oso gertu du hurrengo fasea.
«Atzelari lanetan duda asko sortzen zaizkit, baina ez naiz hartutako erabakiaz damutzen»

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak osaturiko bikoteak puntu garrantzitsua lortu zuen aurreko igandean, Peña II.a-Imaz bikoteari gailenduta eta averagea irabazita. Horrek arnasa pixka bat eman zien, gehienbat aurrelaria den baina atzelari lanak egiten dabilen Ezkurdiari. Bere rol berriaz mintzatu da pilotari arbizuarra NAIZ Irratian.
Garesti dago puntua txapelketa honetan. Gogotik lan egin beharra dago!
Bai. Guretzat, behintzat, garesti dago. Lehiatzen ari gara, lan handia egiten, baina detaile txikiekin partida pare bat joan zaizkigu. Behintzat hor gaude, borrokan. Bagenekien txapelketa hasieran lan zailak izango genituela, baina gustura play-offetatik gertu gaudelako.
Lehen fasea amaitzear da. Atzeko koadroetatik, luzeegia egiten ari al zaizu txapelketa?
Partida guztiak dira zailak. Ni egoera berri batean nago, ez dut kontrolatzen eta, kontrol hori ez dudanez, automatismoak ezberdinak dira eta nire konfiantza azkarrago galtzen dut neure buruarekin. Erronka hau onartu aurretik banekien zer lan zailak ziren, baina, egia esan, Jokinekin jokatzeak asko motibatzen ninduen. Txapelketa ligaxkaren amaieran dago, baina kosta egiten zait neure burua lasaitzea eta konfiantza hartzea. Ea poliki-poliki pixka bat lasaitzen naizen.
Galdetu dizut zertxobait sufritzen ikusten zaitugulako partida batzuetan, gehienbat jotzaileak direnen aurkako neurketetan. Ez dira lan errazak aurrelari batentzat.
Gure esku dagoen guztia ematen ari gara, astean zehar entrenatzen eta asteburuan partidetan lehiatzen... Jotzaile asko daude eta jotzaile handi-handiak ez direnek ere kristoren lana egiten dute. Azkenean, horiek ohituta daude askotan pilotak onera botatzen eta ohituta daude beti erasotzen eta atzetik aurrera jokatzen. Niri kostatzen zait, baina behintzat eskuetatik eta fisikoki ongi ikusten dut neure burua; ni errespetatzen ari dira; alde horretatik pozik nago.
Gozatzen ari zarela esango zenuke? Edo «gozatu» hitza akaso ez da aproposena?
Gozatzen, egia esan, ez. Tokiz kanpo nago eta ez dut kontrolatzen egoera. Aurrean, partida batzuk hobeto edo okerrago jokatu, behintzat nire tokian nago, neure burua ezagutzen dut eta lasaiago jokatzen dut. Atzean, konfiantza azkarrago galtzen dut, duda gehiago sartzen zaizkit. Momentukoa agian bai gozatzen dugula, baina zaila da, lan ezberdinak direlako. Behintzat uste dut ongi lehiatzen ari garela, puntu batzuk eskapatu zaizkigun arren.
«Lan asko egin behar dugu aireko joko horretan, asko behartzen nautelako. Eskerrak horretan nahiko eroso sentitzen naizen. Beti natural atera zait txikitatik kolpe hori»
Boleaz nazkatuta?
[Barrez] Lan asko egin behar dugu boleaz, aireko joko horretan, asko behartzen nautelako. Eskerrak horretan nahiko eroso sentitzen naizen. Beti natural atera zait txikitatik kolpe hori. Egia da agian beste errekurtso batzuk izatea nahiko nukeela, baina hauxe tokatu zait eta aurrera.
Nola sentitzen zara kantxa barruan?
Denetik. Partida ongi hasten dut, baina galdutako bi pilota egiten baditut, dudak sartzen zaizkit neure buruarekin: aurrera joan edo atzean gelditu. Azkenean, egoera berri batean jokatzen ari naizelako da hori. Jokinentzat ere zaila da, jokamoldea asko aldatzen da; guk beti aurrera egiten dugu, erasokor, atzelari ohi batekin jokatzen. Berak gehiago sartu behar du; ni gehiago laguntzen saiatzen da. Jokin oso txapelketa ona egiten ari da, asko laguntzen ari zait eta badaukagu oraindik bikote bezala tartea hobetzeko.
Txapelketa hasi aurretik, zein aurreikuspen zenuen?
Nahi nuena zen astetik astera konfiantza gehiago izan neure buruarekin, erosoago sentitu, eta, egia esan, tarte batean ez dut lortu. Uste nuen lasaiago ibiliko nintzela txapelketa aurrera joan ahala, baina momentu batzuetan deseroso aritu naiz, neure buruarekin inongo konfiantzarik gabe. Azken bi partidetan buruz eta sentsazio onekin ibili naiz eta jakinda zer nahi nuen egin momentu bakoitzean. Taktikoki ere uste dut hobeto aritu garela azken bi partidetan. Sentsazio eta egoera ezberdinetan sentimendu diferente asko izaten ditut. Gorabehera asko.
Eta zer esaten dizu Jokinek?
Astean zehar konfiantza handia ematen dit, lasaitasuna transmititzen dit, eta partidaz partida joan behar dugula. Arrazoia dauka. Guk ezin dugu ikusmira luze jarri. Nahiz eta azkeneko asteak errazak ez izan, autoestimua altxatzea zaila da, baina urte asko daramagu honetan eta, igandean, berak esan bezala, nahiz eta egoera onena ez bizi, beti jarrera onarekin egon gara, entrenatzeko prest, egoerari buelta emateko prest eta horrek asko balio du burua ez jaisteko, aurrera jarraitzeko. Alde horretatik, Jokin maisua da eta asko laguntzen du.

Bikote berria ez zarete; udan elkarrekin jokatu zenuten. Ez zen Binakakoak exijitzen duen txapelketa batean izan, baina Jokinekin jokatzeko erabakia hartzeko garaian esperientzia txiki horrek lasaitasuna eman zizun?
Enpresarekin hitz egin nuen eta esan nien erabat ezberdina zela torneoa jokatzea edo txapelketa luze bat. Ez genuen irabaztea lortu, baina torneo polita egin genuen eta horrek beti animatzen ninduen badaukagula lehiatzea pentsatzera. Txapelketa erabat ezberdina da, partidak gehiago luzatzen dira, jendea gehiago borrokatzen da eta oro har partida gogorrak ari dira izaten txapelketa honetan. Horrek exijentzia maila handitzen du, baina txapelketa guztiak dira zailak.
Nola hartu zenuen atzelari gisa jokatzeko erabakia?
Zalantza asko nituen. Aldi berean, motibagarria zen Jokinekin jokatzea, atzean jokatzea, gauza berri bat... Banekien gauza berri horrek urduritasun puntu bat emango zidala eta sentsazio hori ere izan nahi nuen. Enpresak berak sanmateoetan esan zidan ondo ateratzen bazen, hitz egingo genuela. Nik esaten nien gauza serioa zela, txapelketak errespetu handia eta beldurra ematen zidala. Erronka berri bat bezala hartu nuen eta ez naiz damutzen. Kontziente nintzen ez zela gauza erraza izango; aurrera egin genuen eta aurrera egiten ari gara.
Hainbat urtez aurkari izan ondoren, nolakoa da orain Jokin Altunarekin bikotea osatzea?
Niretzat Jokin izan dudan aurkaririk handiena da. Azkeneko urte luze hauetan bere kontrako partida garrantzitsu asko jokatu ditut eta orain berarekin bikotea egitea gauza polita da. Harreman oso ona dugu, ondo konpontzen gara nahiz eta urte askoan aurkariak izan. Naturaltasunarekin ibili gara beti. Hori izan da atzean jokatzearen arrazoietako bat, Jokinekin jokatzeko nahi hori.
Suertatuko balitz, errepikatuko al zenuke atzean jokatzearen esperientzia? Azkenean pizgarri bat izan daiteke.
Ez dakit. Egia da garrantzitsua dela kirolean, motibatzeko gauzaren bat izatea, pizgarri bat. Tokitik kanpo zaudenean pixka bat alerta zaude, gorputza ez dago eroso eta sentsazio horiek aurkitu behar dira.
Erresistentzia fisikoan aldatu al dira entrenamenduak?
Nire jokoa ez da atzelari ohiko baten egoera. Fisiko aldetik gauza normala ari gara egiten. Astetik astera fisikoki hobeto ari naiz sentitzen eta horrek konfiantza ematen dit.
«Bainetetik lasaitasuna transmititu digute. Hitz politak dituzte, intentzio politak dauzkate. Esaten dutena egiten badute, uste dut gauza onak daudela, baina ikusiko da»
Txapelketara berriro itzuliz, oso lehia berdindua izan da eta horren erakusle da Artola eta Laso oso berandu ordezkatu dituztela. Jendeak ez du partidarik galdu nahi.
Azkenean denok nahi dugu jokatu. Gaizki bazaude, utzi beharra dago, baina molestiekin edo duda batzuekin ohituta gaude jokatzen. Laso eta Albisu salbu, une honetan guztien gainetik baitaude, beste guztien artean berdintasuna dago eta hori ere polita da jendearentzat.
Larunbatean Jaka-Iztueta izango dituzue aurkari. Irabaziz gero, barruan zaudete.
Bai. Irabazita beraiekin berdinduko genuke eta beste puntu garrantzitsu bat litzateke. Luzaideko puntu hori izango bagenu, sailkapenean asko aldatuko litzateke, baina ez dago bueltarik ematerik.
Azken asteetan esku pilotan izan ditugu berriak. Bainetek Asperen kontrola hartu du, Fernando Vidartek alde batera egin duela. Nola hartu duzu zuk albistea?
Sentimendu ezberdin asko. Gu Fernandorekin, egoera zailetan [pandemia garaian], uste dut ongi portatu ginela eta egia da egoera nola pasatu den ikusita minduta sentitu ginela. Ez dago bueltarik, bere erabakia zen. Aurreko astean bilera bat egin genuen, lasaitasuna transmititu digute, gauzek berdin jarraituko dutela. Hitz politak dituzte, intentzio politak dauzkate. Esaten dutena egiten badute, uste dut gauza onak daudela, baina ikusiko da, denborak esango du nola doan. Orain Baineten eskuetan gaude, esan digute Aspek enpresa gisa-eta berdin jarraituko duela. Ikusiko da zer intentzio edo zer bide hartzen duen honek.



