En directo
«Bideorik gabe beste behin ere zigorgabe irtengo lirateke, beti bezala»
Foam bala bat jaurtitzeagatik ikertua izaten ari den ertzainaren abokatuaren «gezurrak» salatu ditu Iker Aranak, «inpunitatea» eta «mesfidantza» sortzen dutela ohartaraziz. Horrela azaldu du ostegun honetan NAIZ Irratian, bideoa publiko egin eta hurrengo egunean.
Iker Arana, NAIZ Irratian.

«Gezurra, inpunitatea eta mesfidantza». Hitz horiekin definitu du Iker Aranak foam bala bat jaurtitzeagarik ikertua izaten ari den ertzainaren abokatuaren jarrera, asteazken honetan Justizia Aranarentzat plataformak jaurtiketa erakusten duen bideo bat zabaldu ostean. Irala auzoko gazte honek barrabil bat galdu zuen Ertzaintzak Etxarri gaztetxea hustu zuenean, 2025eko apirilaren 3an. «Eskerrak bideoa lortu dugun, bestela ez litzateke epaiketarik izango», nabarmendu du.
Horrela adierazi du Aranak berak ostegun honetan NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean. Bertan esan duenez, bideoan beste bi ertzainen deklarazioa desmuntatzen da. Agente horien arabera, Aranak gurutzatu egin zuen segurtasun-marra eta kristalezko botilak bota zituen, beste manifestari batzuekin. Hori izan da Ertzaintzaren abokatuak joan den astean egunkari batzuetan zabaldu zuen bertsioa, Aranak gogoratu duenez.
Bi ertzainen deklarazioetan oinarrituta, ikertutako ertzainaren abokatuak auziaren artxiboa eskatu du. Aranak azaldu duenez, epaileak ikusi dituen frogen artean dago bideoa eta ertzainaren abokatuak ere ikusi du. «Eta bideoa ikusita, artxiboa eskatzen du? Inpunitate osoz jokatzen dute», salatu du. Irudiei dagokienez, gogoratu du zelan bizi izan zuen unea: «Ikusten da tiroa zuzena eta apropos egindakoa izan zela, niri begira». Lekukotza «faltsuei» buruz, aldarrikatu du jarrera hori «zigortu egin behar dela» eta «mesfidantza» sortzen duela.
Zentzu horretan, kritikatu du haiek egin behar izatea bideoa bilatzeko lana: «Bideoa eta argazkiak guk lortu ditugu, tinbreak ukituz. Ertzaintzak, dituen baliabideekin, ez du inolako froga bisualik eman». Gainera, ertzainaren abokatuak argudiatu du agenteek eraman behar dituzten bodycam-ak «itzalita zeudela edo ez dela ezer ikusten», nahiz eta Aranaren abokatuak grabazio horiek eskatu. «Ezin ditzakegu grabazioak ikusi, eta guk sinetsi egin behar ditugu beren hitzak. Bodycam-en gaiarekin ez dago gardentasunik», esan du Aranak.
Beraz, Ertzaintzaren abokatuaren adierazpenen harira, orain Justizia Aranarentzat plataformak erabaki du jaurtiketa zuzena eta asmo txarrekoa izan zela frogatzen duen bideoa publiko egitea. «Oso potentea da eta gordeta geneukan beste momentu batean zabaltzeko. Hala ere, aurreko astean atera zena ikusita, gezurrari erantzun behar izan diogu», azaldu du Aranak.
Azkenik, eskertuta agertu da bideoa lortu ahal izategatik: «Abokatuak esan didanez, eskerrak bideoa lortu dugun, bestela ez litzateke egongo ez epaiketarik, ez zigorrik, ez ezer. Beste behin ere zigorgabe irtengo lirateke, beti bezala».





