En directo

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Egoera ez da kaleratzeak egiteko modukoa, beste aukera batzuk bilatu behar dira»

Sergio Ortega ESK sindikatuko kidea NAIZ Irratian izan da Tubos Reunidosek iragarritako enplegu erregulazio espedienteaz hitz egiteko. Amurrioko lantegian deitutako bi greba egunen arrazoiez, enpresaren egoeraz eta etorkizuneko mobilizazioez aritu da.

«Egoera ez da kaleratzeak egiteko modukoa, beste aukera batzuk bilatu behar dira»

Loading player...
LAB eta ESK sindikatuek deituta, Tubos Reunidos langileen elkarretaratzea enpresaren bulegoen aurrean.
LAB eta ESK sindikatuek deituta, Tubos Reunidos langileen elkarretaratzea enpresaren bulegoen aurrean. (Monika Del Valle | FOKU)

Tubos Reunidoseko Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa batzordeek negoziazio mahaia osatu dute, konpainiak iragarritako enplegu erregulazio espedientea aztertzeko. Testuinguru horretan, Amurrioko lantegian bi greba egun deitu dituzte: otsailaren 9an eta 13an.

Sergio Ortegak azaldu duenez, lehen lanuztea enpresak bideragarritasun planaren neurriak aurkezteko aurreikusitako egunarekin bat dator: «Astelehenean emango digute informazio guztia, eta orduan ikusiko dugu benetan zer planteatzen duen enpresak».

Bigarren greba eguna, berriz, Lakuako Gobernuko eta Arabako Aldundiko ordezkariek enpresarekin egingo duten bileraren egun berean izango da. Helburua argia dela azpimarratu du Ortegak: «Greba aprobetxatu nahi dugu gure aldarrikapenak Gasteizera eta Lakuara eramateko».

Sindikatuek ohartarazi dute EEEak gutxienez langileen %10i eragingo liekeela. «Azken urteetan egoera zaila izan da, baina gure ustez ez dago kaleratzeak egiteko arrazoirik, eta beste irtenbide batzuk bilatu behar dira». Hori dela eta, ESK-ko ordezkariak zalantzan jarri du neurriaren justifikazioa.

Enpresaren ekoizpenari dagokionez, Ortegak azaldu du gorabeherak egon direla, baina ez etengabeko beherakada bat: «Produkzioa ez da lineala, batzuetan jaisten da, baina urteko beste hilabete batzuetan normala izan da».

Halaber, SEPIk emandako diru-laguntzaren inguruan ere gardentasun falta salatu du: «Ez dakigu zehazki zertarako erabili den diru hori, eta horrek ere ezinegona sortu digu».

Etorkizunari begira, mobilizazio gehiago ez direla baztertu adierazi du Ortegak. «Astelehenean enpresak zer aurkezten duen ikusi ondoren, sindikatu guztien artean erabaki beharko dugu zein den eman beharreko erantzuna, baina mobilizazio gehiago etorriko direla uste dugu».

Jaurlaritza Logoa