En directo

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Oreka bilatu nahi dugu bisitarien gozamena eta herritarren egunerokoa uztartzeko»

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea NAIZ Irratian izan da, txotx denboraldiaren hasierarekin batera herrian martxan jarri diren neurriak azaltzeko. Autobusen erreserba sistema, garraio publikoaren indartzea eta bizikidetza hobetzeko neurriak izan ditu hizpide.

«Oreka bilatu nahi dugu bisitarien gozamena eta herritarren egunerokoa uztartzeko»

Loading player...
Sagardotegi denboraldi berriaren aurrean sentsibilizazio kanpaina Hernaniko Udaleko, Astigarragako Udaleko eta Sagardogileen Elkarteko ordezkariek, tartean Xabier Lertxundi.
Sagardotegi denboraldi berriaren aurrean sentsibilizazio kanpaina Hernaniko Udaleko, Astigarragako Udaleko eta Sagardogileen Elkarteko ordezkariek, tartean Xabier Lertxundi. (Jon Urbe | FOKU)

Txotx denboraldia abian da jada, eta lehenengo asteburuetatik mugimendua nabari izan da Hernanin. Hala ere, Xabier Lertxundi, Hernaniko alkateak azaldu du, oraindik goiz dela balantze sakona egiteko, bisitak pixkanaka ari direlako heltzen.

Alkateak nabarmendu du aurten indarrean jarri diren neurriak ez direla isolatuak, baizik eta sagardoaren inguruko lanketa integral baten parte. «Duela bizpahiru urte hasi genuen sagardoaren eta txotxaren inguruko lanketa integrala, Hernanin kultura eredu propio bat eraikitzeko», azaldu du.

Neurri ikusgarrienetako bat autobusek aparkalekua aldez aurretik erreserbatu beharra da. Lertxundiren esanetan, horrek aukera ematen du aurreikuspena egiteko eta herriko eguneroko bizitza hobeto antolatzeko. «Aurretik ez genuen jakiten zenbat autobus etorriko ziren, eta orain datuak izateak oreka bilatzen laguntzen digu», adierazi du.

Garraio publikoari dagokionez, Foru Aldundiarekin elkarlanean autobus zerbitzuak indartzen direla gogorarazi du alkateak, helburu argi batekin: «Jendeak ahalik eta gutxien erabil dezala auto pribatua».

Bizikidetzari lotuta, kalean pixa egiteagatik jarritako isunen igoeraz ere aritu da Lertxundi. Neurria beharrezkotzat jo du, nahiz eta azpimarratu helburua ez dela zigortzea: «helburua ez da isunak jartzea, baizik eta jarri beharrik ez izatea».

Azkenik, txotx garaiak sortzen duen parranda ereduaren inguruan hausnartu du alkateak, «ondo pasatzeak ez du esan nahi besteen ongizatea kaltetzea», bisitarien eta herritarren arteko oreka beharrezkoa dela azpimarratuz.

Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu du hartutako neurri guztiak adostasun politiko eta sozial zabalarekin onartu direla, eta Hernaniko Udalak txotx denboraldiaz arduraz gozatzera gonbidatu duela jendea.

Jaurlaritza Logoa