En directo
«Jokoetan lehiatzeko aukera ez dut izango, baina hautaketa prozesuak gehiago izorratzen nau»
Neguko Olinpiar Jokoak ate joka daude, eta bertan, azken hiru edizioetan Imanol Rojo tolosarra izan da. Espainia ordezkatuko duten kirolarien behin betiko zerrenda hilaren 20an argitaratu ondoren, tolosarra txapelketatik at geratu da, eta NAIZ irratian egon da hautaketa prozesua salatu ostean.
«Jokoetan lehiatzeko aukera ez dut izango, baina hautaketa prozesuak gehiago izorratzen nau»

Behin hausnartzeko denbora izan duenean, eta hautaketa prozesuak eragin dion haserrea ohar baten bidez plazaratu ondotik, Imanol Rojok haserre jarraitzen duela berretsi du NAIZ irratian, gardentasun falta egon dela-eta: «Izorratuta nago Milano-Cortinako Olinpiar Jokoetan lehiatzeko aukerarik ez dudalako; baina hautaketa prozesuak areago izorratzen nau».
Iraupen eskiko lasterkariak hautatzeko prozesuaz ari da Rojo, bere laugarren olinpiar jokoetan jokatzeko aukera kendu dion prozesuaz, hain zuzen: «Irizpideak zeintzuk izan diren ez dakit, eta azalpenak zerrenda atera ondotik eman dizkidate». Tolosarrak irizpide horiek «behin eta berriz» eskatu dituztela gaineratu du. Rojo buru-belarri aritu da azken hilabeteetan Milan-Cortinarako plaza lortzeko lanean, laugarrenez Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatu ahal izateko.çHori dela-eta, ziklo olinpiko honetan irizpideen berri ez jasotzea salatu du, eta beste federazioek beren lana «ongi» egin dutela gaineratu. «Aurreko urteetako irizpide berdintsuak izango zirela uste nuen», azaldu du, baina ezjakintasun hori lasterketa egutegia aukeratzeko «muga eta traba» izan da. Laburbilduz, irizpideen berri ez izateak «prozesuan eta klasifikazioetan» eragina izan du.
Selekziotik at
Era berean, selekziotik kanpo egoteak kalte egin diola uste du: «Federazioak egin duen apustuaren aurka ari naiz iraupen eskiko modalitatearekin». Izan ere, iraupen eskiaren osasuna «kezkagarria» da, bere iritziz, eta federazioak hartu dituen erabakiek osasun horretan eragina izan dutela uste du: «Gero eta lasterketa motzagoen eta ikusgarriagoen alde egin dute». Tolosarrak esprint modalitatearen aldeko apustua egin dela esan du, «eskiatzaile oso-oso gazteekin». Izan ere, Rojok esan duenez, Federazioarentzat «24-25 urte dituztenak zaharregiak dira».
2019an «selekziotik bota» zutela eta hasiera batean Andorrako federazioan babesleku bat izan zuela gogora ekarri du tolosarrak. 2019az geroztik, beraz, «logistika, bidaiak eta lehiaketak» bere kabuz antolatu ditu. Horrek kirol emaitzetan nabarmen eragin omen dio, eta «nahiz eta Espainiako onena izan, ez naute ordutik lagundu», egin du kexa. Azken hiru urteetan talde pribatu batekin eta familiaren laguntzarekin aritu da. Oso kritiko azaldu da, beraz; izan ere, ziklo olinpikoko bi denboraldi hauetan, «ez dute informatu eta funtsezko datuak ezkutatu dituzte –esan du–. Benetako irizpideak ezagutu gabe, ezinezkoa izan da prozesu horri baldintza berdinetan aurre egitea». Iraupen-eskian espezializatutako oinarri teknikorik gabe hartu da erabaki hori, bere esanetan, «justiziaz ebaluatu ahal izateko ezagutza oso espezifikoa eskatzen duen diziplina» izanik.
Oharrean azaldu duenaren arabera, hautaketa FIS zerrenda olinpikoaren rankingean oinarritu da; hau da, kirolariak erabaki ondoren aplikatutako “irizpidean”. Rojoren ustez, «diziplina oso desberdinak nahasten dituen tresna da, baina, berez, elkarren osagarri izan daitezkeen espezialitate gisa ulertu beharko lirateke».
Hau da, bi ranking desberdin daude, bata esprintekoa eta bestea distantziakoa, kirolari desberdinen bolumenekin, puntuazio sistema desberdinekin eta elkarren artean zerikusirik ez duten egutegiekin. Hori azaltzearren, ondorengo adibidea ipini du tolosarrak: «Horiek alderatzea iraupen erdiko probak (800 edo 1.500 metroak) maratoiarekin parekatzea bezalakoa da: kirol bera da, baina errealitate erabat desberdinei erantzuten diete».
Iraupen eskia noraezean
Halaber, «kirol ondorioa agerikoa da», ziurtatu du Rojok. Datuek berresten dute iritzi hori. Izan ere, Espainiako ordezkaritzak lehiakide kopuru murriztua izango du iraupen luzeko probetan; esaterako, 50 kilometroko «proba gorenean» Espainiak ez du ordezkaririk izango, historian aurreneko aldiz: «Ordezkaritza hain txikia izatea penagarria da». Rojok berak, plazaratu duen oharrean, kirolaren norabidea «kezkagarria» dela dio. «Iraupen eskia da nire pasioa eta nire kirol bizitzaren ardatza». Horregatik, «beti» izan du gogoan bestelako amaiera bat: «Hainbeste urtean ikasitakoa gazteei trasmititzeko gogoa nuen». Hala ere, egungo bidea ez dator bat berari erakutsi ziotenarekin, ezta kirol honen barruan hazi zeneko balioekin ere. Gaur egun, tristura ematen dio bilakaera horrek, eta bidean funtsezko zerbait galtzen ari dela sentitzen du.
Etorkizun hurbila ere izan du hizpide: «Olinpiar Jokoetarako egindako lana ahalik eta hobetoen bukatzeko baliatuko dut». Frantzian eta Suitzan distantzia luzeko lasterketaren bat egiteko asmoa badu ere, helburua Osloko 50 kilometroko lasterketa da.
Bost euskal ordezkari
Rojok Neguko Olinpiar Jokoak etxetik ikusiko dituela onartu du, bere «pasioa» baita. Milano-Cortinan bost euskal ordezkari egongo dira, hurrenez hurren: Arrieta Rodriguez, eski alpinoan lehiatuko dena; Lucas Eguibar eta Alvaro Romeo snowboard modalitatean; Manex Salsamendi, Brasilgo selekzioarekin, iraupen eskian; eta Daniel Milagros, izotz gaineko patinajean.
Horiek «emaitza onak» lortzea espero du tolosarrak. Zehazki, Eguibarren kasuan, «domina etxeratzea ibilbide bikain bati amaiera borobila ematea» litzatekeela dio. Manexi ere hitz batzuk eskaini dizkio, domina lortzea oso zaila dela jakitun: «Disfrutatzeko gomendioa emango nioke, lasterketaz eta giroaz». Rojok aipatu bezala, domina lortzeko aukera gehien dituena Lucas Eguibar da. Donostiarrarentzat laugarren Olinpiar Jokoak izango dira, eta emaitza onena 2022an Pekinen lortu zuen; 7. postuan bukatu zuen snowboard cross modalitatean. Aurretik, gainera, 2021ean munduko txapelketa irabazi zuen, Suedian.
Milan Cortinako Olinpiar Jokoak gaur zortzi hasiko dira, otsailaren 6an, eta otsailaren 22ra arte iraungo dute. Hain zuzen ere, Cortina d'Ampezzoren ingurumarian, Italiako Veneto eskualdean, lortu zuen Imanol Rojok inoiz baino gorago sailkatzea Munduko Kopa batean.



