En directo

Etsita daude MetalGroup enpresako langileak. Legution eta Abadiñon ditu planta bana, eta ixtera kondenatuta dago. Uztailean Suitzako funts batek erosi zituen langileen parte-hartzerik gabe. Irailean aurkezpen ofizialarekin batera lan karga etengabe jeisten hasi zen eta langileak baimen ordainduekin etxera bidaltzen. «Alarmak piztu ziren orduan», esan du LAB sindikatuko Oihane Torresek NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan.
Zuzendaritza berriak adierazi du Volskwagenek aldebakarrez kontratua apurtu eta bertako lan karga Txinara bideratu duela. Abenduan, Lan Erregulazio Txostena planteatu eta Abadiñoko 48 langile guztiak eta Legutioko 91 kaleratzea proposatu zuten, guztira 139 lanpostu. Gabonetatik itzultzean, hartzekodunen lehiaketara aurkeztu eta Legutioko lantegia ere itxi egingo dela jakin dute.
Torresek uste du «lehenagotik» zekiela enpresak egoera honetara iritsiko zela eta ez duela ezer egin. Gardentasuna eskatu diote zuzendaritzari eta orain bide judiziala aztertzen ari dira. Langileak, normala denez, beste lan batzuk ari dira bilatzen. LABeko ordezkariak ohartarazi du MetalGroupeko egoera «ez dela isolatua. Euskal Herriko industria ondoratzen ari da ez dugulako politika industrialik».


