En directo

Iraia Cambra | Lander Martinez

Artaza Parkeko Herritarrak: «Garraio eredua aldatu beharko genuke garraio publikora bideratuta»

Getxo eta Portugalete ur azpitik lotuko dituen tunelaren proiektuak eztabaida eta oposizoa sortzen jarraitzen du. Auzokide talde batek proiektua epaitegietara eramatea erabaki du. Hodei Rodriguez, Artaza Parkeko Herritarrak elkarteko kidea NAIZ Irratian izan da horren berri emateko.

Audio_placeholder

Artaza Parkeko Herritarrak: «Garraio eredua aldatu beharko genuke garraio publikora bideratuta»

Loading player...
Bilbon Subflubiala Ez plataformak udan eginiko manifestazioa
Bilbon Subflubiala Ez plataformak udan eginiko manifestazioa (Jon Urbe | FOKU)

Obren hasiera 2026ko udaberri eta uda arterako aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hodei Rodriguez Artaza Parkeko Herritarrak elkarteko kidea NAIZ Irratian izan da proiektuaren berri emateko. Elkarteak epaitegietara eraman du urpeko tunelaren proiektua, ez du beharrezkotzat jotzen eta ingurumenean eta herritarrengan arazoak eragingo dituela berretsi du.

Oinarrian dagoen arazoa egungo garraio eredua dela azpimarratu du Rodriguezek. «Garraio eredua aldatu beharko genuke, eta garraio publikoaren aldeko hautua egin, autoen erabilera murriztuz». Getxo eta Portugalete lotuko dituen proiektuak kontrako norabidea hartzen duela salatu du Rodriguezek. «Hamarkadak daramatza komunitate zientifikoak aztertuz demanda induzitua deitzen den fenomenoa, non errepide berri bat sortzen duzunean, horrek trafikoaren handipen bat dakarren. Hau da, errepide berri bat izatean jende gehiagok hartzen du autoa garraio publikoa beharrean».

Ingurumenean kalteak

Garraio ereduaren kritikaz gain, Rodriguezek proiektuak ingurumenean izango dituen arazoak jorratu ditu. «Ingurumenean arazo oso larriak ekarriko ditu, bereziki Artaza-Romo institutuan eta inguruko beste hiru ikastetxetan, izan ere leherketak egin behar dituzte proiektua egiteko eta horrek sekulako zarata eta airearen kutsadura mailak areagotuko ditu ingurune guztiak. Artaza-Romoren kasuan patioa bera ere hartuko diote ikastetxeari».

Bizkaiako Foru Aldunidaren jarrera gogor kritikatu du ekintzaileak, honek obrak iraungo dituen zazpi urteetan zehar zarata muga guztiak kendu dituelako. «Badakite zarata mugak biderkatuko dituztela eta muga guztiak kendu dituzte. Pentsa dezagun hor ikastetxe bat dagoela, ikasleak 7 orduz egunero klasean daudela, heziketa fisikoa kalean egiten... Hori ezinezkoa izango da obrak martxan jartzen badira».

Artatza parkeak ere kezka eragin du bizilagunen artean, izan ere obrek parkearen heren bat suntsituko lukete, ehun zuhaitz baino gehiago moztea eraginez. «Gogoratu behar dugu Artatza parkea dela inguruneko birika berdea. Hor hainbat autobide daude jada dagoeneko eta behintzat Artatza parkeak arnasa ematen dio hiri eremu horri». 

Bestalde Galindo erreka ere gertu dago, eta bertan arrain espezie babestu bat dagoela gogorarazi du Rodriguezek. Obrek espezie honen biziraupena arriskuan jarriko dutela salatu du ekintzaileak.

Ikastetxeen papera

Ikastetxeek proiektuari lotutako gatazkan hartutako papera mobilizaziorako ezinbestekoa dela azpimarratu du Rodriguezek. Lanek Artaza-Romo ikastetxean izango dute eragin handiena, baina gertu beste hiru ikastetxe daudela gogorarazi du bizilagunen elkarteko kideak, «institutuaren aurrean Romoko eskola dago, Artaza eskola, Betiko ikastola. Gainera inguruko eskoletatik ume asko Artaza-Romora bidaltzen dituzte».

Rodriguezen esanetan «ehundaka ikasleri eragiten die proiketuak» eta hori herritarren erantzunean ikusten da, mobilizazio handia egon da-eta obren aurka inguruan. Bestalde Hezkuntza Sailaren «utzikeria» salatu du Rodriguezek, ez baitute helegiterik aurkeztu ezta bestelako neurririk ere ez. Ekintzailearen iritziz «Hezkuntza Sailak bere langileak eta ikasleak erabat abandonatuta utzi ditu eraikuntza enpresen interesak defendatzeko».

Foru Aldundiaren isiltasuna

Artaza Parkeko Elkarteko kideak Bizkaiako Foru Aldundiaren ardura eta komunikazio falta salatu ditu. «Ez dugu inolako harremanik izan Bizkaiako Foru Aldundiarekin. Elkarte hau sortu dugun batzuk Subfluviala Ez plataformaren parte gara ere, eta bertatik eztabaida publikorako gonbita luzatu genion Diputazioari, datozen hamar urteetan Bizkaian egingo den gastu publiko handiena izango duen proiektua delako, eta ez ziguten kasurik egin».

Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua bertan behera uzteko eskatu diote eta «garrioaren planifikazio zentzuduna» eta garraio publikoaren aldeko apustua egiteko. Guggenheim Urdaibai proiektuarekin gertatutakoak esperatza apur bat ematen diela adierazi du Rodriguezek: «Ikusi dugu jendea mobilizatzen bada posible dela mota honetako proiektu hain kaltegarriak gelditzea eta horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko borroka honetan».

Jaurlaritza Logoa