En directo

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Guretzat sorpresa izan da, nahiz eta lehendakariaren eskumena izan»

Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentaria NAIZ Irratian izan da Nafarroako Gobernuan izandako azken aldaketak aztertzen. Felix Taberna eta Amparo Lopez kargugabetu ostean sortutako testuinguru politikoa, legegintzaldiaren azken urtea eta euskara izan ditu hizpide.

«Guretzat sorpresa izan da, nahiz eta lehendakariaren eskumena izan»

Loading player...
Mikel Asiain Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran.
Mikel Asiain Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran. (Iñigo Uriz | FOKU)

Nafarroako Gobernuan izandako azken kargu-aldaketek ezustean harrapatu dute Geroa Bai. Hala adierazi du Mikel Asiain parlamentariak NAIZ Irratian, Maria Chivite lehendakariak hartutako erabakia «hein batean behintzat, sorpresa» izan dela azpimarratuta, nahiz eta aitortu izendapenak eta kargugabetzeak lehendakariaren eskumenekoak direla.

Asiainen esanetan, gertatutakoa ez litzateke gobernu krisi orokor gisa ulertu behar, baizik eta Alderdi Sozialistaren barne-esparruan kokatutako aldaketa gisa. «Gobernuan hiru alderdi gaude, eta kasu honetan PSNko bi kontseilari izan dira aldatuak; gainerakook lanean jarraitzen dugu», azaldu du.

Testuinguru horretan, Geroa Baik gobernu akordioa jarraitzeko batzordearen bilera eskatu du, aldaketen arrazoiak lehen eskutik ezagutzeko. Asiainen hitzetan, «normala da azalpenak eskatzea, zer dela eta eman diren aldaketa hauek jakiteko».

Legegintzaldiaren azken urtean sartuta, Geroa Baik aurreikusitako lege garrantzitsuak ez direla arriskuan egongo uste du parlamentariak. «Denbora asko daramagu industria legea, osasungintzakoa edo landa garapenekoa lantzen, eta espero dugu datozen hilabeteetan Parlamentura iritsi eta onartu ahal izatea», adierazi du.

Euskararen auzia ere mahai gainean jarri du Asainek, gobernu aldaketek berriro ere ordezkari euskaldunik ez ekarri izana kritikatu ondoren. Gogorarazi du Geroa Bairen eta PSNren jarrerak oso desberdinak direla arlo horretan, baina azken urteetako aurrerapausoak ere nabarmendu ditu: «Azken hamar urteotan euskararen aurrekontuak boskoiztu egin dira Nafarroan, eta horri esker politika eraginkorrak garatu dira, nahiz eta zonifikazioa indarrean jarraitu».

Jaurlaritza Logoa