En directo

Ostiral honetatik hasita eta igandea bitarte, hitzordu bikoitza dute euskal txirrindulariek. Izan ere, Espainiako Ziklo-kross eta Omnium zein Madison txapelketak jokatuko dira. Euskadiko selekzioak, beraz, erronka bikoitzari aurre egin beharko dio, eta horretarako 35 txirrindulari deitu ditu. Txapelketaren atarian, Ander Altuna Euskadiko Federazioko zuzendari teknikoa NAIZ irratian egon da helburuak zeintzuk diren azaltzeko.
Ziklo-krossa, Taranconen
Ostiral arratsaldean hasiko da Ziklo-kroseko txapelketa, talde erreleboaren lehiaketarekin. Araudian aldaketa egon dela adierazi du Altunak; izan ere, aurten 3 emakumek eta 3 gizonek parte hartuko dute proban. Aldaketa Euskadiko Selekzioaren mesedekoa dela aipatu du zuzendari teknikoak: «Dominak lehiatzeko aukera gehiago ditugu orain, neskek osatutako hirukotea oso ona baita».
Asteburuan zehar jokatuko dira 23 urte azpiko txapelketa, eta, ondotik, juniorren eta kadeteen txanda izango da. Altunak argi du zein izan behar den helburua kategoria horietan: «Ikastea eta formakuntza dira gure xedeak».
Omnium eta Madison, Mallorcan
Beste interes puntua Mallorcan izango da, Omnium eta Madison txapelketak lehiatuko baitira. Bertan, Mallorcan, 14 txirrindulariek ordezkatuko dute Euskadiko Selekzioa. Altunak parte hartuko dutenen zenbakia goraipatu du, proben «konplexutasunagatik». «Azken asteotan Donostiako Antonio Elortza Belodromoan entrenatzen ibili dira, eta ilusioarekin goaz txapelketetara», gehitu du.


