En directo
Helduaroa, bizitza, lanak… azkenean, gure zaletasunaz gozatzeko denbora gutxi izaten dugu. Gabonetako egunetan, zorionez, tartetxo bat edo beste izaten dugu bideojokoetan aritzeko, eta horretaz aprobetxatuko gara 2026ko lehen Game Erauntsia irratsaioari ekiterakoan.
Hiru bideojokoren analisiak prestatu ditugu, goxo-goxo, etxean gozatzeko. Lehena benetan aproposa da horretarako: duela hilabete batzuk Supraland alaiaren analisia ekarri genizuen, eta, orain, Supraworld jarraipenaren aurretiazko sarbidean barneratu da Damian. Puzzleak, akzioa, plataformak eta mundu erraldoi ederra agintzen dituen jokoa da Supra Games taldearena. Oraindik bukatzeko asko falta zaion arren, lehen tokiak eta misioak esploratu ditugu.
Bigarren analisiarekin girotzez eta premisaz zeharo aldatzen dugu, naziek konkistatutako etorkizun alternatibora jotzeko. Wolfenstein: The New Colossus aspaldiko jokoa bada ere, beste aukera bat eman nahi izan diogu, 2017an estreinatu zenean hotz utzi gintuen-eta. BJ Blazkowicz protagonista matxinoaren bidaia berriko bigarren atalak tiroketa mordoa, isil-gordekako atalak eta gidoi dibertigarri, makarroia eta sakona eskaintzen ditu.
Azken jokoa, berriz, Ubisoft enpresaren Immortals Fenyx Rising dugu. Behin eta berriz ondorioztatu dugunez, The Legend of Zelda: Breath of the Wild handiaren klona da… baina, halere, eduki eta girotze interesgarriak biltzen ditu. Greziar mitologia ardatz hartuta, abentura koloretsu eta dibertigarria prestatu dute egileek, partida motz bezain gogobetegarriak nahiz saio luzeak eskainita, edozein jokalari motarengana moldatuta. Aita-amak, hau zuontzat doa.


