En directo
«Polita litzateke herriko lasterketan amaitzea nire kirol ibilbidea»
Ion Izagirrek (Ormaiztegi, 1989) bere azken denboraldia osatuko du txirrindularitza profesionalean. Familian denbora gehiago pasatzeko nahiak mugitu du balantza eta erretiroa hartzeko une egokia dela deritzo. Disfrutatzeko patxadarekin hartuko du sasoia, lehiakortasuna baztertu gabe.
Ion Izagirre: «Gero eta gehiago mugitu da balantza familiaren aldera eta erretiroaren erabakia hartzeko unea iritsi da»

Ion Izagirre sentsazioekin mugitzen da, bizipenak dira bere heldulekuak eta datorren denboraldia txirrindularitza profesionalean azkena izango duela erabaki du. 2009an debuta eginda, 18. sasoia beteko du 2026an, tartean Euskal Herriko Itzulia bereganatu eta beste 18 etapa garaipen pilatuta. Hiru lasterketa handietan altxatu ditu besoak gora. «Ez daukat inolako damurik eta oso harro nago osatutako ibilbidearekin». Etapa bat ixtear dagoela, NAIZ Irratiarekin mintzatu da Ormaiztegikoa, erabakiaren nondik norakoak azaldu eta ibilbideari errepaso azkar bat emateko.
Familiarekin adostutako erabakia dela adierazi duzu. Hau familiarekin ere negoziatu behar izaten da, ezta?
Bai, azkenean bizitzaren parte oso garrantzitsua da. Azken urteetan balantza jartzen duzu begien aurrean eta alde batera eta bestera mugitzen da. Egun asko dira etxetik kanpo, gauza asko galtzen dira. Geroz eta gehiago joan da balantza familiaren aldera eta iritsi da erabakia hartzeko unea.
Zuregatik balitz pixka bat gehiago jarraituko zenuke edo jada nahikoa duzu?
Ez, ez, ez dut esan nahi familia izan denik erabakia baldintzatu duena. Dena da. Urteak aurrera doaz. Beti dago momentu bat utzi behar dena eta datorren urte hau momentu egokia izan daiteke.
Urte pila bat eman dituzu profesionaletan. Nola hartzen du batek, zein filosofiarekin, 18. eta azken denboraldia izango dena?
Egia esan, lasaitasun puntu batekin. Momentuz, inoiz baino lasaiago nago. Badakit azken kontzentrazioak, azken lasterketak izango direla niretzat profesional bezala eta beste modu batera hartu nahiko nuke. Horrek ez du esan nahi ez naizenik zainduko, ez naizenik entrenatuko eta ez dudanik nire %100 emango, baina lasaitasun hori edukiko dut, ez dudalako berritu behar hurrengo urteetan, ez dudalako talde berririk bilatu beharko...
«Gero eta gehiago mugitu da balantza familiaren aldera eta erretiroaren erabakia hartzeko unea iritsi da»
Zertan aldatzen dela esango zenuke denboraldi berri bati ekiteko garaian?
Esperientziarekin, aurreko urteetan izan dituzun bizipen bai onak eta bai txarrak baliatzen dituzu gauzak ahalik eta ondoen egiteko. Entrenamenduetan, zainketan, elikaduran... Urte hauetan guztietan denengandik ikasi dut eta hori ere baliatu nahiko nuke taldean izan ditzakedan txirrindulari gazteei nire esperientzia apur hori helarazteko.
36 urterekin burua gorputza baino indartsuago egon ohi da?
[Barrezka] Espero dugu biak sasoiko izatea. Burua argi eta gogotsu izatea funtsezkoa da, bestela ez nengoke prest hainbeste sakrifizio egiteko. Bestalde, fisikoki nik uste dut gai naizela onena emateko. Gero, badakigu kirolak gorabehera asko izaten dituela eta ez dagoela jakiterik inoiz nola aterako den urtea.
Anaiak akaso inbidia pixka bat ere eman dizu? [Gorka Izagirrek 2024an hartu zuen erretiroa]
Haren falta sumatu dut, ez dizut gezurrik esango. Beti izan dut entrenamendu lagun, ordu asko pasa ditugu elkarrekin entrenatzen eta gauza asko partekatu ditugu, eta aurten faltan bota dut. Espero dut biok erretiratuta gauden honetan elkarrekin beste modu batera entrenatzen jarraitzea.
Zure ibilbidean zehar lasterketa kutunagoak izango dituzu beste batzuk baino. Zer esango dugu Itzuliaren inguruan, ezta? 2019an garaile, zure lorpen handienen artean, etxeko lasterketa... Eskaera berezirik egin diozu Cofidisi denboraldi honetarako?
Arlo horretatik ez daukat inolako kexarik. Beti utzi didate nire egutegia aukeratzen. Aurrekoan izan nuen bilera zuzendari eta prestatzailearekin eta egutegi nahiko egokia daukat. Itzulia lasterketa kutuna dut eta taldeak hori ere badaki. Dena ondo baldin badoa, bertan egongo naiz.
Tourrean ere bi etapa irabazitakoa zara. Ez dakit bertan ikusiko zaitugun.
Errepideak bakoitza bere lekuan jartzen du eta hasiera batean taldeak helarazi dit Tourrean egoteko aukera izango dudala. Neronek esan diet, nik neure burua prest ikusten ez badut, lehena izango naizela beste taldekide bati tokia uzten. Baina, tira, ondo ikusten banaiz fisikoki eta taldeari ekarpenik egin ahal badiot, bertan egongo gara. Urte asko egin ditut jada eta badakit Tourrak berak jartzen duen presio eta tentsio puntu hori zer den. Tourrera erdipurdi joateak ez du ezertarako balio.
«Azken urte honetan anaiaren falta sumatu dut; espero dut, biok erretiratuta, beste modu batera entrenatzen jarraitzea»
Gehiago disfrutatzeko asmoz hartzen duzu azken urte hau, etaparen bat irabazteko helburuarekin?
Nik eskatzen diodana datorren urteari da inongo arazorik ez izatea; ez fisiko, ez eroriko, inongo gorabeherarik ez izatea eta nire mailarik onena ematea. Gustatuko litzaidake aho zapore onarekin bukatzea nire kirol ibilbidea.
18 etapa garaipen ere pilatu dituzu, hiru itzuli handietan garaipenak lortutakoa zara, ziklo-krosean ere bai... Zerrenda luzea da. Alde horretatik, asebeteta?
Bai, palmaresa hor geratzen da. Hori baino gehiago, pilatutako bizipenekin geratzen naiz. Urte asko izan dira, talde dezentetan ibili naiz, taldekide asko... Jende pila bat ezagutu dut bidean eta horrekin geratzen naiz. Lagun on asko egin ditut, bizipen on eta txarrak, denetik egon dira, bizitzan bezala, eta denetik ikasi dut. Oso pozik egindako ibilbidearekin.

Arantzaren bat geratu zaizu?
Nik baino gehiago nire anaiak izango du. 2018ko Paris-Niza hori, biak erori ginen azken etapan, azken kilometroetan... Erori izan ez bagina, Paris-Niza hori anaiarentzat izango zela eta Paris-Niza bat palmaresean izatea handia izango zen. Hori izan daiteke agian. Gainontzean, ez daukat arantzarik.
Marea laranja bizi izana eta haren parte izatea, berezia da txirrindulari batentzat, ezta?
Bai, batez ere marea laranja bizi izan genuen lehen Tour hori, Tourmaleteko maldetan. Iban Mayo, Aimar Zubeldia, Roberto Laiseka eta beste hainbat txirrindulariren alboan egote hori... Talde horretan egoteak sentimendu berezia sortzen zuen.
Ziklo-krosa ere aipatu dugu, badakigu oso zuena ere badela familian, segur aski aitarengandik. Bi aldiz irabazi duzu Euskal Herriko txapelketa. Afizioz zerbait egiteko asmorik badaukazu?
Ba ez dakit, hori da oraindik ere pentsatu behar dudana. Agian gustatuko litzaidake lasterketaren bat, herrikoa behintzat, korritzea. Polita izango litzateke herrian amaitzea nire kirol ibilbidea.

Hasi zinenetik gaur egunera arte txirrindularitzak bere bilakaera izan du. Tropelean geroz eta txirrindulari gazteagoak ikusten ari gara, teknifikazioa adin oso gazteetatik egiten da. Zein iritzi duzu honen inguruan?
Apur bat eszeptikoa naiz. Ni ere beste garai batekoa naiz. Gazteen azalean jartzen naizenean, konparatzen hasten naizenean beraien adinean non nengoen, ze gutxi nekien beraiekin alderatuta... Asko aldatu da, beste fase batean dago txirrindularitza; dena aztertzen da, dena testatzen da, denak oso azkar eboluzionatzen duen garai honetan. Oso gaztetatik hasten dira nabarmentzen, eta kontratu oso handietan murgiltzen dira. Ez dakigu zenbat urtez jasango duten hori, denborak jarriko du bakoitza bere lekuan. Ni gaztetxoa nintzenean akaso jende beteranoak nigatik ere horrelako zerbait pentsatuko zuen.
«Beste fase batean dago txirrindularitza: dena aztertzen da, denak oso azkar eboluzionatzen du. Oso gaztetatik hasten dira nabarmentzen, eta kontratu oso handietan murgiltzen dira. Ez dakigu zenbat urtez jasango duten hori»
Askotan garaipenekin geratzen gara baina atzean dagoen guztia ez dugu kontuan hartzen. Bakardadea ere bada txirrindularitzaren parte?
Bai, gehienbat etxetik urrun egotea. Beti esaten diet gazteei orain aprobetxatzeko. Gaztea zarenean, familiarik, umerik ez daukazunean ez daukazulako horrelako loturarik etxearekin. Behin umeak dituzunean asko kostatzen da etxetik urrun egun asko pasatzea. Eta urte horiek ez dira bueltatzen. Umeak behin izaten dira ume.
Alabek zer esan dizute?
Ez dakit beraiek kontziente diren oraindik. Bi aste hauetan kontzentraziora etorri garenean, etxetik nindoanean galdetzen zidaten ea nora nindoan, zergatik... Eta horrek ematen dit bihotzean min gehiena.



