En directo

Iraia Cambra | Iker Gurrutxaga

Burutik taldeaken ‘Ipuinak’: musikaz kontatutako errelatoen diskoa

Burutik taldeak Ipuinak disko berria plazaratu du, zazpi kantuz osatutako lana, meritokraziaren, kontsumoaren eta boterearen errelatoak zalantzan jartzen dituena. MusikHaria saiotik pasa dira, diskoaren berritasunez hitz egiteko.

Audio_placeholder

Burutik taldeaken ‘Ipuinak’: musikaz kontatutako errelatoen diskoa

Loading player...
Burutik taldea
Burutik taldea (Beñat GOIA)

Burutik taldeak disko berria kaleratu du, Ipuinak, eta hasierako segundo gutxietan bertan agerian uzten du bere nortasun musikal sendoa. Akordeoiaren lehen kolpeek, ahotsen erabilera orkestralak eta taldearen sinadura sonoroak berehala identifikatzen dute proiektua. Mikel Gorraiz, Asier Capon, Iraitz Gonzalez eta Jokin Barriolak osatzen dute taldea.

Diskoa Josu Erbitirekin grabatu dute Erlijio estudioan, eta sormen-prozesua ohikoa ez den bidetik etorri da. Taldeak azaldu bezala, kantu asko zatika sortu dituzte: «kanta gehienak grabatu genituen instrumentalak edukita, melodiak eta letrak oraindik guztiz itxita ez zeudenean». Modu horretan, musikak berak hartu du kontakizunaren gidaritza, hitzekin zein hitzik gabe istorioak eraikiz.

Ipuinak lanak izaera politiko nabarmena du. Diskoan zehar meritokraziaren, kontsumoaren eta kapitalismoak saltzen dituen errelatoen aurkako kritika garatzen dute. Diskoari izena ematen dion kantuak helduen diskurtso paternalistak jartzen ditu zalantzan, taldearen hitzetan, «lan egiten baduzu dena lortuko duzula esaten digun ipuin hori ez delako erreala».

Musikalki, taldeak bere ohiko elementuak sendotu ditu, diskoan zehar akordeoiak pisu handia hartuz. Taldeak berak dioen moduan, «hausporik gabe ez legoke instrumenturik», eta soinu horrek Euskal Herriko tradizioarekin lotura zuzena sortzen du, baina aldi berean bestelako erreferentziak ere ekartzen ditu, Balkanetako musikara edo rock alternatibora hurbilduz.

Kolaborazioei dagokienez, Nøgen taldearen parte-hartzea nabarmena da ‘Ipuinak’ abestian. Grabaketa unean sortutako giroak markatu zuen emaitza: «estudioan bertan sortu zen guztia, kasualitatez, eta horrek ematen dio berezi egiten duen kutsu hori».

Letrak askotariko gaietara zabaltzen dira: komunikabideen manipulazioa, sexuaren inguruko maskulinitate ereduak, gorputzarekiko epaiketa soziala edo borroka politikoaren jarraipena. Gainera, diskoak, Fermin Balentziaren ‘Amparo Arangoa’ kantuaren moldaketa bat jasotzen du, torturaren aurkako memoria ardatz hartuta. Taldearen esanetan, «ez da iraganeko zerbait, gure historian eta gure gorputzetan arrastoa utzi duen errealitatea baizik».

Burutik taldeak ‘Ipuinak’ aurkezteko bira abiatu du jada, lehenik formatu akustiko eta hurbilean, solasaldi eta elkarrizketekin uztartuta. Taldeak argi du mezua: musika ez da soilik entzutekoa, baita pentsatzekoa ere.

Jaurlaritza Logoa