En directo
Ipar Euskal Herriko ikastolentzako finantzaketa lortzeko xedez, hainbat ikastolek indarrak batu dituzte Seaskaren Eguberriko lehen merkatua antolatzeko. Ziburuko Pilota Plazan izango da datorren igandean, hilak 7. «Denok kasu berdinean gara. Denok dirua behar dugu gure ikastolak funtzionarazteko, izan materiala erosteko edo langileak ordaintzeko. Beraz hor da aukera gure ikastolak laguntzeko», azaldu du Ana Holbrook Ziburuko Kaskarotenea ikastolako kolehendakariak.
Ziburuko ohiko azokaren parean jarriko dute eurena Seaskakoek eta ohi bezala tokiko jaki eta edariak erosteko aukera izango da, baita artisautza ere, jantzi tradizionalak edo komunitate euskaltzalea finantzatzen lagunduko duen materiala, Herri Urratsekoa kasu. Ziburuk hartuko duena lehen edizioa izango bada ere, etorkizunean asmoa da urtero antolatuko den Eguberrietako merkatu ibiltari bat izatea.



