En directo

Pop goxoaren unibertsoan koka genezake Maria Amolateguiren ‘Equilibrio’ debuteko diskoa. Debuta bakarka, esan dugun moduan, urte asko daramalako eszenan atzera eta aurrera beasaindarrak, Sugan edota Matilda bezalako proiektuetan, esaterako.
Hamar abestiz osatu du diskoa eta orokorrean soinu beroarekin egiten dugula topo esan genezake. Ahotsa da protagonista nagusia diskoan, izan ere elementu bereizgarria da Amolateguiren kasuan eta, bere proiektu pertsonala izaki, ekoizpenean espazio zabala utzi diote ondo entzun dadin.
Bizitzan behar dugun orekaz hitz egiten du ‘Equilibrio’ abestiak, diskoari izena ematen dionak. Segidan dator ‘Abrázame’ eta bertan bakarrik eta independente ibili nahi izan arren, beti ere babesguneak behar izaten ditugula aipatzen du. Sentimenduak ateratzeko beldurrari, egunerokotasunak sortzen dituzten egoerei, aitari, bakardadean gogoetari zabaldutako tarteei edota harreman bat eten eta aske sentitzeko beharrari idatzitako kantuak daude diskoan.
Diskoaren edizio fisikoa Fnac dendetan eskuratu daiteke eta formatu txikiko erakustaldiak emango ditu urtarrilaren 16an, 19:00etan, Donostiako Fnacen, eta, urtarrilaren 17an, 18:00etan, Bilbokoan. Kontzertuak, berriz, toki jasoetan eman nahi ditu Amolateguik, eta oraindik ere bilaketa fasean dagoen arren, urtarrilaren 30ean, Kutxa Kultur Klubean, Donostian, eskainiko du estreinakoa.
Bitartean, MusikHaria saioan izandako elkarrizketa entzunaz ezagutu ‘Equilibrio’ diskoaren xehetasunak eta entzun patxadaz diskoa, giro makurrarekin entzuteko aproposa baita Maria Amolateguik plazaratu berri duen diskoa.




